Mezak eta elizkizunak, berriz ere bueltan

Maxixatzen.eus 2020ko mai. 12a, 19:45

Atzo hasi ziren mezak Azkoitiko parrokian. Hainbat segurtasun neurri hartuta hasi dira elizkizunekin.

Atzo, astelehena, lehen fasea indarrean sartzearekin batera hasi ziren berriz ere elizkizunak Azkoitian. Gaur, asteartea, hainbat lagun izan da herriko parrokian Felix Azurmendik zuzendu duen mezan.

Mezak eta elizkizunak emateko, ordea, hainbat segurtasun neurri hartu dituzte Azkoitiko parrokiako kideek. Besteak beste, zinta gorriekin markatu dituzte aulkiak. Bi lerrotik behin eta eserlekuaren ertz banatan esertzeko aukera dago soilik parrokian. Elizarako sarrera-irteeretan, berriz, eskuak garbitzeko gelak eta maskarak eskaintzen dituzte.

Astean zehar egin ohi diren mezak eta zapatuetakoak 19:00etan hasiko dira parrokian. Igandean, berriz, 09:00etan egingo dute Santa Klaran, eta 10:00etan eta 11:00etan parrokian. Floreagako elizan ere mezak igande honetan hasiko dira; 09:30ean eta 12:00etan izango dira elizkizunak. Itxialdian egin bezala, online ere emango dituzte mezak, ordea. Hileta elizkizunak bigarren fasetik aurrera ospatuko dituzte, baita auzoetako mezak ere.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide