Anaitasunako presidentea

Pedro Urdapilleta: "Ez da futbol zelaian irabaztea bezala, baina igoeraren poza berdina da"

Maxixatzen.eus 2020ko mai. 13a, 18:28
Pedro Urdapilleta presidentea, eliz atariko barriketan.

Pedro Urdapilleta Ulayar (Azpeitia, 1976) Anaitasuna futbol taldeko presidentea da. Pozarren da mutilen taldea Espainiako Hirugarren Mailara igo delako, eta balio berezia eman dio datorren denboraldian lehen bi taldeek Gipuzkoako lehiaketetako mugak gaindituko dituztelako. COVID-19 gaitzak klubean izan duen eraginaz eta beste hamaika kontuz hitz egin du Urdapilletak. Eliz atariko barriketan, Anaitasunak ospakizunak egiten dituen lekuan, hitz egin du presidenteak Maxixatzenekin.

Hasteko, zorionak. Nola jaso duzue mutilen lehen taldearen igoeraren berria klubean?

Eskerrik asko. Eskertu, baita ere, zoriondu gaituzten zaleei, herritarrei, klubei eta prentsari. Joan den astean espero genuen zerbait ixtea, Espainiako Futbol Federazioak eta Gipuzkoako Futbol Federazioak bilerak zituztelako. Ez geunden ziur, baina ostiral goizean sumatu genuen Gipuzkoako Futbol Federazioa egun horretan bertan zerbait esateko asmoarekin zebilela. Ostiral gauean jaso genuen deia 20:30-21:00 aldean, erabakia hartu zutela esateko eta Espainiako Hirugarren Mailako taldea ginela esateko.  

Martxoaren 8an eten zen liga. Zein izan da klubaren jarrera ordutik hona?

Klubaren jarrera beti izan da kluba osatzen dugun pertsonen osasuna bermatzea. Lehen minututik garbi izan genuen guztia bertan behera utzi behar zela. Entrenamenduak utzi eta instalazioetatik irten behar genuela erabaki genuen, guztia desinfektatuta eta ahalik eta txukunen utzita. Eta horrela izan zen. Hortik aurrera, harremana izan dugu futbol federazioekin, eta prebentzioaren aldeko jarrera garbia izan du klubak. Garbi genuen denboraldi honetan ez zegoela gehiago jokatzerik.

Erabakia hartzea kosta egin zaie Espainiako eta Gipuzkoako Futbol Federazioei. Borroka asko egin duzue? 

Asko luzatu da, bai. Denboraldia amaitu gabe egongo zen oraindik jokatzen egon bagina. Presa izan dugu erabakia zein zen jakiteko. Borroka egin dugu, noski. Bertan behera gelditu zen Eibarren aurkako partida, eta neurketa hori jokatzeko asmoa zuen hainbat aldek; guk, ordea, garbi izan dugu osasunak duela lehentasuna. Osasuna bermatu asmoz, partida hura ez jokatzearen alde agertu ginen.

Presidente zarenez geroztik bigarren aldiz igo da mutilen lehen taldea Hirugarren Mailara. 

Esperientzia oso desberdinak bizi izan ditut presidente naizen sei urteetan. Egia da Hondarribian bizitakoa ez dagoela ahazterik. Hura izan zen mailaz igo ala ez erabakitzeko neurketa bakarrera jokatutako lehen partida. Garbi gelditu zen Anaitasuna futbol klub bat baino gehiago dela; han bizitako eta azaldutako sentimenduak ez daude hitzekin azaltzerik. Elgoibarren izan genuen mailaz igotzeko hurrengo aukera, eta izugarria izan zen. Irabazi, igo… Guztia alde izan genuen: jarraitzaileen babesa, herrian udaleko balkoira igo ginen eta geroko festa. Igoera honen aurretik, ordea, nesken lehen taldea ere mailaz igo zen, Euskal Ligara. Txerloian, etxean, igoera bat bizitzea berezia izan zen. Azken igoera hau, berriz, desberdina izan da, askoz ere hotzagoa eta tristeagoa. Ez da futbol zelaian irabaztea bezala, baina igoeraren poza berdina da. Taldeak sekulako lana egin du, eta zoriontzekoa da 24. jardunaldian lehen postuan egotea. 

Mutilen zein nesken lehen taldeak euskal ligetan izango dira datorren denboraldian. 

Izugarrizko balioa du horrek. Neskek 28 urteren ondoren lortu zuten Euskal Ligara igotzea duela bi urte. Espainiako Hirugarren Mailan, berriz, azken hamar urteetan hirugarren aldiz igo da Anaitasuna. Azken bietan, ordea, lehen urtean jaitsi da beti taldea. Hori da taldeak orain izan behar duen erronka. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan zehar ibiliko gara lehen bi talde nagusiekin, Azkoitiaren izena herri guztietan zabaltzen. Balio handiagoa ematen dio, gainera, biek batera egitea. Adibidez, Sestao River taldea Espainiako Hirugarren Mailan gelditzen bada, Sestaoko Las Llanas zelaira mutilekin zein neskekin joango gara. Anekdota bezala gelditzen da, baina gauza asko esan nahi ditu.

Mutilek, gainera, Espainiako Errege Kopan parte hartzeko aukera izango dute kanporaketa bat gaindituz geroz. Espainiako Lehen Mailako talderen bat Txerloian aurkari izateko aukera polita izan daiteke, ez?

Aukera polita izan daiteke, zalantzarik gabe, baina hankak lurrean izan behar ditugu. Oraindik ez dakigu hurrengo denboraldia nola antolatuko duten COVID-19agatik. Kanporaketa hori jokatzeko aukera badugu eta gainditzen badugu, aukera oso ederra izango da. Ilusioa sortuko luke. Ederra litzateke klubak, jokalariek, entrenatzaileek eta Azkoitiko herriak horrelako aukera bat bizitzea.

Zein dira Anaitasunako talde nagusien erronkak datorren urtera begira?

Espainiako Hirugarren Mailari eustea izan behar du mutilen erronkak. Ea aspaldiko partez bi urte maila berean eta jarraian egiten ditugun. Nesken lehen taldeak, berriz, garatzen jarraitzea nahi dugu. Gutxik esperoko zuen Euskal Ligara igo eta maila horretan denbora luzez egotea. Neskak maila oso altua ari dira ematen, eta urtetik urtera garapen handia erakusten dute. Horri jarraikortasuna ematea da asmoa.

Koronabirusaren agerpena berria izan da leku guztietan. Nola kudeatu duzue egoera?

Guztia itxi, ahal dugun ondoen garbitu eta desinfektatu egin dugu. Orain, besteak beste, gelak eta termometroak erosi ditugu, berriz martxan hasten garenean segurtasun neurriak betetzeko. Protokoloa ezagutzeko zain gaude une honetan. Ez da berdina, ez aurrekontu aldetik ezta baliabide aldetik ere protokoloa Lehen Mailako klub profesional batean betearaztea edo Anaitasuna bezalako klubean betearaztea. Protokolo hori jasotakoan Azkoitiko Udalarekin harremanetan jarriko gara, instalazioak udalarenak direlako. Garbi duguna da, arriskurik ez dugula hartuko; pertsonak guztiaren gainetik jarriko ditugu.

Aurtengo egoera ikusita, zer egin asmo du klubak bazkideen eta jokalarien kuotekin? 

Orain arte ezin izan dugu erabaki bat hartu, ez genekielako Hirugarren Mailan egongo ginen edo ez. Hirugarren Mailako kuotak ez dira Gipuzkoako Ohorezko Mailakoaren berdinak bazkideentzat. Zain egon gara erabakiak hartzen joateko. Zalantzarik gabe, ordea, era batera edo bestera kuotaren zati bat itzuliko diegu bazkideei eta gurasoei. Halere, aukera emango dugu donazioak egiteko. Asmoa dugu zuzenketa horiek datorren denboraldian egiteko, dagoeneko aurtengo kobraketak eginda baitaude. Kluba uzten duen jokalariari edo bazkideari ere datorren denboraldian itzuliko diogu kuotaren zati hori. 

Ekonomikoki eta kirol aldetik, osasuntsu al dago Anaitasuna?

Osasuntsu dago Anaitasuna. Kirol aldetik, ume kopuruak oso altuak dira, inoiz baino altuagoak. Kalitate aldetik ere oso gustura gaude egindako lanarekin. Datu bezala, neska eta mutil asko daude gazte mailetan bai Realean eta bai Eibarren. Hori guretzat oso garrantzitsua da. Ekonomikoki, berriz, egungo egoera ona da. Datorren urteko aurrekontua ari gara ikusten, hori mantentzeko zer egin behar dugun aztertzeko. Babesleak, gurasoak… Gauza asko aldatuko ditu COVID-19ak, eta ez dakigu nola egingo duen aurrera egoerak. 

Aurtengoa denboraldi motza izan da. Datorrena prestatzeko eta planifikatzeko, ordea, denbora gehiago izango du klubak. Hasi al zarete lanean?

Hasi gara lanean, bai, arlo guztietan. Futbol Eskolako taldeetatik hasi eta lehen taldeetara arte. Ari gara zenbakiak ateratzen eta entrenatzaileekin hitz egiten… Lan handia ari gara egiten egoera ekonomikoa bermatzeko eta horretarako eman behar ditugun urratsak zein diren jakiteko. Handia da koronabirusak sortu duen ziurgabetasuna. 

Zein izan ohi da lanik zailena denboraldi berria hasi aurretik?

Denbora gehien kentzen duen lana zenbakiak egitea eta entrenatzaileak bilatzea da. Jokalari kopurua handia bada, baliabide eta entrenatzaile zein laguntzaile gehiago behar dira. Azkoitian esan behar da arlo horretan ez dagoela jendea soberan. 

Sei urte dira zuzendaritzan sartu zinetela. Lanari eusteko indarrarekin jarraitzen al duzue?

Indarrarekin jarraitzen dugu. Halere, talde berri batek sartzeko badu aukera, betiere batzar orokorra baino lehenago. Ekainaren 19an egingo dugu batzarra. Talde berri bat aurkezten bada, hitz egingo dugu horiekin, bere asmoak eta abar ezagutzeko. Bestela, berriz, indarrarekin eta ilusionatuta gaude. Lehen bi taldeak Hirugarren Mailan eta Euskal Ligan ditugu, harrobiko taldeetan ere lan ona ari gara egiten eta Futbol Eskola ere ondo doa aurrera. Sei urte pasa eta zazpigarrena egiteko asmoarekin gaude. 

Klubaren historia potolagoa da orain.

86 urte dituen futbol taldea da Anaitasuna. Gizartearekin batera garatu da kluba, eta gaur egun gurasoak dira kluba aurrera eramateko zati garrantzitsuena. Oso zaila da dugun bizimoduarekin lotura gabeko pertsona bat klubean boluntario ibiltzea. 86 urtean bizirik mantendu dugu kluba hainbaten artean: bazkideak, gurasoak, haurrak, udala, prentsa, Reala, Gipuzkoako Futbol Federazioa... Jarraitu egin behar da lanean, eta gurasoen parte hartzea oso beharrezkoa da klubean. Gaur egun, arlo horretan arazoak ditugu, eta aurrera begira planteamendu bat egin nahi dugu. Laguntzaile eta boluntario talde bat osatzea da klubak epe motzera begira duen asmoetako bat.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide