Eusko Jaurlaritzak dio eskolek "autonomia" izango dutela itzuleraz erabakitzeko

Maxixatzen.eus 2020ko mai. 12a, 13:01

Eskolek "irizpide pedagogikoak" lehenetsi beharko dituzte erabakiak hartzeko garaian. Ebatzi dezakete ikasle guztiek 'online' amaitzea ikasturtea, zenbait ikasle bakarrik joatea aurrez aurreko eskoletara, edota den-denak. Aurrez esandako mailetako ikasleei bakarrik eragingo lieke erabaki horrek.

Datorren astelehenean, "osasun egoerak aukera emanez gero", ikasleak pixkanaka ikasgeletara itzultzen hastea da Eusko Jaurlaritzaren asmoa. Hala iragarri zuen Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak joan den astean. Itzulera mailakatua izango dela aurreratu zuen, eta aurrez aurreko eskolak gauzatzeko hainbat segurtasun neurri hartuko dituztela. Baina itzulerarako egun gutxiren faltan, dena dago airean.

Orain dio eskolek autonomia izango dutela itzulera nola egin erabakitzeko, printzipio horrek ardaztuko duela ikasleen ikasgeletarako itzulera zer-nolakoa izango den ikasturte amaiera honetan. Beharrak non dauden erreparatu, eta "irizpide pedagogikoak" aintzat hartuta erabaki ahal izango dutela zer-nola jokatu. Ondoren, Hezkuntzako ikuskaritzei adierazi beharko diete hartutako erabakia. Ebatzi dezakete ikasle guztiek online amaitzea ikasturtea, zenbait ikasle bakarrik joatea aurrez aurreko eskoletara, edota den-denak. "Errealitate ezberdinak" daudela aintzat hartuta, hauturik onena hori dela defendatu dute.

Jokatzeko era horren berri atzo eman zien administrazioak Euskal Eskola Publikoaren Zuzendaritza Elkarteen Federazioko ordezkariei, eta poza adierazi zuten haiek: ikastetxeen "autonomia" aintzat hartu izana ona dela esan zuten, eskola bakoitzak ezaguten baititu hobekien ikasleen beharrak eta eskolaren egoera.

Hezkuntza Sailak lehengo astean asmoa adierazi zuen Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. mailako, Lanbide Heziketako eta Batxilergoko ikasleak maiatzaren erdialdetik aurrera ikasgeletara itzultzeko, eta era horretan amaitzeko ikasturtea. Haserrea eta ezinegona eragin zuen erabaki horrek hezkuntzako eragile askoren artean; hitzartu gabeko erabakia izan zela deitoratu zuten. Aste honetan eragileekin bilerak egiten jarraitu du administrazioak, eta horien barruan heldu da eskolen "autonomia" lehenetsita eskolako itzulera ebazteko proposamena.

"Autonomia" horren harira, soilik aurrez aipatutako ikas mailetako ikasleen gaineko itzulerari buruzko erabakiak hartu ahal izango dira. Gainerakoak ikasgeletara ez bueltatzeko "osasun irizpideek" lehengoan jarraitzen dutela esan dute, eta ezin dela horietan inolako aldaketarik egin.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide