Lapiko-jotzea deitu du Sostenipek Angeluko ustezko hilketa matxista gaitzesteko

Maxixatzen.eus 2020ko mai. 8a, 09:12

Angelun joan den zapatuan ustez izandako erahilketa matxista salatzeko, lapiko-jotzea deitu du gaurko Sostenipe talde feministak. Udalak, bestalde, "gaitzespen irmoena" azaldu du ustezko erailketagatik.

Azkoitiko Sostenipe talde feministak lapiko-jotzea deitu du gaur, ostirala, 19:00etarako. Asteazkenean Angelun (Lapurdi) gertatu zen ustezko erahilketa matxista salatuko dute deialdian. Eraso sexistarik ez. Autodefentsa feminista lelopean egin dute deialdia. Lapiko-jotzeaz gain, sirenak jartzeko ere eskatu dute. Halaber, kalera petoak jantzita irteteko ere dei egin diete herritarrei, ondorengo mezuekin: hiltzen gaituzte, beste emakume bat eraila.

Asteazken arratsaldean hilda aurkitu zituzten 89 urteko gizon bat eta 83 urteko emakume bat, Angelun (Lapurdi). Eguerdiko 14:00ak inguru jasotako telefono dei batek suhiltzaileak ohartarazi zituen, eta larrialdi zerbitzuak bertaratu zirenean hilda aurkitu zituzten senar-emazteak. Gertakariaren gaineko ikerketaren hipotesi nagusiaren arabera, gizonezkoak hil zuen emakumezkoa eta hark gero bere buruaz beste egin.

Udalaren gaitzespena

Udalak, bestalde, "gaitzespenik irmoena" adierazi du Angelun (Lapurdi) gertatu den ustezko erailketagatik.  Halaber, elkartasuna adierazi die senideei eta biktimen hurbilekoei. "Udalak, beste behin, biolentzia sexistaren kontra eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde lanean jarraitzeko konpromisoa berresten du, biolentzia matxista bere adierazpen forma guztietan desagertzen den arte", azaldu du udalak. Azkenik, herritarrak antolatu diren gaitzespen ekimenetan parte hartzera animatu ditu. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide