Hornitzaileak ere lanari ekiteko prest

Maxixatzen.eus 2020ko mai. 9a, 09:02

Tabernetan, jatetxeetan eta bestelako hainbat tokitako eskariak jasotzen egiten du lan Esther Iturralde Soraluzek (Azkoitia, 1973). Deuko Izarra banaketa enpresan egiten du lan, eta haren hitzetan koronabirusaren egoerak "enpresaren egiteko guztia gediarazi” du. Astelehenetik aurrera tabernek eta jatetxeek ateak irekitzeko aukera izango dute, baina lanean hasi aurretik hornitzaileek emandako produktuak jaso beharko dituzte.

Tabernak bezalaxe, hornitzaile eta banaketa enpresak zuritik beltzera pasatu dira egun gutxian. “Lehen egunero pila bat saltzetik eta sekulako mugimendua izatetik, ezer ez saltzera ailegatu gara. Sekulako beherakada izan du enpresak", azaldu du Esther Iturralde komertzialak. “Urgentziazko banaketak bakarrik egin dituzte enpresako banatzaileek, ospitaleetara eta”, dio azkoitiarrak. Gainerakoan, enpresa “guztiz itxita” izan dute azken bi hilabeteetan, eta ERTEan daude langileak. 

Beltzaren ilunari argi pixkat bat ikusten hasi da Iturralde, ordea, datorren astelehenetik aurrera lanean hasteko modua izango baitu. “Bulegoetako langileek, banatzaileek, biltegiko kideek eta komertzialok osatzen dugu enpresa. Astelehenean bulegoko lankide bat eta komertzialak bakarrik hasiko gara lanean, ez baitakigu oraindik ziurtasunez gure salmentak nolakoak izango diren”, adierazi du. 

Lehen eskariak

Taberna eta jatetxe batzuek bakarrik irekiko dituzte ateak astelehenean, eta "txikiak" izanagatik, jaso dituzte lehen eskariak; beste ostalari batzuek, ordea, lehendik beren tabernan edo jatetxean zutenarekin egingo dute aurrera. “Eskariak jaso ditudalako, badakit batzuei datorren astean zer produktu eraman beharko dizkiegun; beste batzuengana, ordea, astelehenean joango gara komertzialok. Eskaerak jasotzen baditugu, banatzaileak ere poliki-poliki lanean hasiko dira”, nabarmendu du.

Iraungitze-data duten produktuak eskatu dizkiote gehienbat Iturralderi, hala nola, esnea, arrautzak eta patatak. Beraien enpresan iraungitze-data zuten hainbat produktu, berriz, alferrik galdu da itxialdiak iraun duen ia bi hilabetean. "Ostalaritzako produktu gehienak saltzen ditugu; guztiak iraungi dira eta bota egin behar izan ditugu. Asko izan da alferrik galdutako produktuen kopurua”, azaldu du Iturraldek. 

Ziurgabetasunak bultzatuta, Iturraldek lan egiten duen enpresan ez dute eskari handia egin ostalarien irekieraren lehen asterako. “Produktuen gutxieneko eskaria egin du enpresak. Mantendu eta banatzeko moduan dagoen produktuekin hasiko gara batik bat lanean. Halere, egun batetik bestera ematen digute guri zerbitzua, eta ikusten dugunean salmentek gora egiten dutela, orduan egingo ditugu eskari handiagoak”, eman du azalpena azkoitiarrak. Jasotzen duten eskari kopuruaren arabera ekingo diote lanari ere banatzaileek; horiek lanean hastea “salmenten araberakoa” izango da Iturralderen esanetan. 

Udari begira

Herritar askok gozatu ohi du festetaz, eta beste batzuek lan egin ere bai, haien gozamenerako. Aurten, ordea, festa asko gelditu dira bertan behera, eta beste batzuk bidean daude. Ikusi beharko da Azkoitian andramaixek ospatzeko modurik izango den. Hornitzaileen salmentek ere "gora" egiten dute uda sasoian Iturralderen arabera. Herri jaiak dira gorakada horien arrazoi nagusiena. Festen inguruan ziurgabetasuna da nagusi ostalaritza munduan, baita hornitzailen enpresen artean ere. Iturraldek dio “izugarrizko eragina” izango duela beraiengan ere jaiak ez badira ospatzen. “Festetan eta uda sasoian asko saltzen da, bereziki freskagarriak eta garagardoa. Guretzat sekulako zartatekoa izan da orain artekoa, eta beldurra ere badugu, ez baitugu ikusten mugitzen hasteko zantzurik”, azaldu du. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide