Azkarateko hondakin gunea

Zaldibartik Azkoitira, harri berarekin estropezu eginez

Mikel Otero eta Ainhoa Intxaurrandieta (EH Bildu) 2020ko mai. 7a, 16:00
Azkarateko gunea.

Mikel Oterok eta Arantxa Intxaurrandietak 'Berria' egunkarian argitaratutako iritzi artikulua: 'Zaldibartik Azkoitira, harri berarekin estropezu eginez'.

Gizakia omen da harri berean birritan estropezu egiten duen animalia bakarra. Duela gutxi, hondamendi humano, sozial eta ekologikoa izan dugu, eta oraindik ezin diogu gertatutakoari tamaina hartu. Aurtengo otsailaren 6an, mende bat igaro dela dirudien arren, Zaldibarko zabortegiak Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze irentsi zituen, eta enpresa pribatu batek urteetan bertan isuritakoa biluzi zuen.

Nola bihur daiteke, baimen berririk izapidetu gabe, hondakin ez-arriskutsuen zabortegi bat gai arriskutsuak metatzen dituen zabortegia? Verter Recyclingek (ezin dugu azpimarratu gabe utzi enpresaren izenaren izaera ironikoa, Recycling, birziklatzea adierazi nahian, jarduera oinarrizko eta nagusia, egiaztatu dugun moduan, zetorkiona zetorkiola mendian botatzea izan denean) baimena eskatu zuen milaka langile hil dituen eta hainbat gaixotasun itzulezin sortu dezakeen amiantoa isurtzeko. Ingurumen Sailak enpresari erantzun ez zionez, hilabetearen bueltan eskaera onartu zen administrazioaren isiltasun positiboaren ondorioz, eta amiantoa zuten materialak isurtzen hasi ziren milaka tonatan. Laburbilduz, industria hondakin ez-arriskutsuen zabortegia, administrazio isiltasunez industria hondakin arriskutsuen zabortegi bihurtua.

Otsailaren 6ko gertaera horietatik ziur dakigun gauza bakarra da bi langilek lurperatuta jarraitzen dutela 80 egun igaro ondoren, eta Jaurlaritzak gutxietsi dituen sentipena geratu zaiela; badakigu, era berean, giza osasunerako eta ingurumenerako arriskutsuak diren substantzia ugari isuri direla erorketaren eta ondorengo suteen ondorioz, hala nola dioxinak, furanoak, metal astunak edo amiantoa, eta erreskate lanean aritu ziren langileak amiantoarekin kutsatu zirela. Urte batzuk igaro behar dira izan dugun hondamendi ekologiko eta sozial hau ongi dimentsionatu ahal izateko. Dena den, topa dezakegun lehen ondorioa berehalakoa da: hondakinen kudeaketa bezain funtsezkoa den zerbitzu bat ezin da esku pribatuetan geratu. Esparru publikotik diseinatu, proiektatu, exekutatu, kudeatu eta kontrolatu behar da.

Berria egunkarian argitaratutako iritzi artikulua. Irakurri osorik

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide