Goi mailako atleta

Jone Zabaleta: "Jendearen begiradekin eta esanekin, egunotan ez naiz eroso sentitu entrenatzen"

Maxixatzen.eus 2020ko mai. 6a, 09:00
Jone Zabaleta atleta.

Jone Zabaleta Larrañaga (Azkoitia, 1998) atleta azkoitiarrak goi mailako kirolarien baimena  jaso du kirola egiteko, eta astelehenaz geroztik nahi duen ordutegian egin dezake korrika, nahi badu herri barruan eta nahi badu Azkoititik kanpo. Zabaletak baimenari eta bere egoerari buruzko hainbat azalpen eman ditu. Azaldu du ez dela "eroso sentitu" jendearen begiradekin eta esanekin.

Ozta-ozta, baina konfinamendua etxean ari zara igarotzen, ezta?

Konfinamendua hasi baino bi egun lehenago, martxoaren 12an, bertan behera geratu ziren Lleidako Unibertsitateko eskola guztiak, eta esan ziguten Aste Santutik itzuli arte arte ez genuela klaserik edukiko. Beraz, egun hartan bertan maleta egin eta Azkoitira etorri nintzen. Aste Santuaren ondoren espero nuen hara itzultzea, baina egoera ikusita herrian jarraitzen dut, eta aurten Lleidara itzultzeko asmorik gabe, azterketa gutziak online bidez egiten baititugu.

Gogorra izan al da orain arte etxetik kirola egitera irten gabe egotea?

Hasieran gogorra egin zitzaidan, entrenatzeko modua asko aldatu behar izan nuelako. Gero iritsi zitzaidan korrika egiteko zinta eta hobeto egokitu naiz. Entrenatzea errazagoa egin zait horrela, sasoia mantentzeko bada ere. Hobetzeko ez dit balio izan, baina bai sasoia mantentzeko. Etxean nituen pisuekin ere egin dut lan.

Joan den zapatutik, ordea, baimen berezia duzue goi mailako kirolariek. 

Zapatuan korrika egin genezakeela esan ziguten, baina 06:00etatik 10:00etara edota 20:00etatik 23:00etara; berdin zuen zein mailatako kirolaria izan. Astelehenetik aurrera, ordea, kirolari profesionalek edota goi mailako kirolariek edozein ordutegitan entrenatzeko aukera dute, eta nahi izanez gero egunean bitan. Herritik irteteko baimena ere badugu, eta entrenatzailearekin ere egin genezake lan saioa. Atletismoko pista bat edo behar edo nahi badut, berriz, espazio naturaletarako baimena ere eskatzeko aukera dut.

Zenbateraino baliatu duzu azken egunetan baimen berezi hori?

Astelehenean 10:00eta atera nitzen etxetik kirola egitera. Herritar batzuk pentsatuko zuten ordutegiz kanpo atera nintzela kirola egiten, izan ere egunotan jendearen begiradekin eta esanekin ez naiz eroso sentitu entrenatzen. Horregatik, atzo kirola egitera 09:00etan irtetea erabaki nuen. Afal aurretik ere beti baliatzen dut oinez bada ere paseo bat egiteko.

"Goi mailako kirolariek edozein ordutegitan entrenatzeko aukera dute, eta nahi izanez gero egunean bitan"

Kirolari bat baino gehiagok irainak jasan dituzte kalera entrenatzera atera direnean. 

Irainik ez dut jaso, baina bai begiradak eta esanak; seinalatu ere egin naute. Nagusiak 10:00etatik 12:00etara ateratzen dira kalera, eta batik bat haiek ikusi ninduten; batzuk arraro begiratu ninduten. Normala ere bada, jende asko ez dago-eta ondo informatuta gai honen inguruan; urduri eta beldurtuta daude herritarrak. Hedabideetan, gainera, ere ez da gehiegi hitz egin baimen honi buruz. Erraza da kritikatzea, baina lehenago informatu egin beharko luke jendeak. Halere, bada animoak, babesa zein laguntza eman eta nire egoera zein den ulertzen duen jendea ere. Egoera hau ahalik eta lasterren pasatu nahi dut nik ere, baina ordutegi horretan entrenatzen ari banaiz baimenduta dudalako da.

Nolako entrenamenduak hasi zara egiten lehen egun hauetan?

Azken hamabost egunetan korrika egiteko zinta izan dudanez, ez dut sasoia horrenbeste galdu. Orain ez naiz hasi denboraldi-aurre batean bezala entrenatzen; tentuz hasi naiz, hori bai. Espainiako txapelketak prestatzeko garaian egongo nintzateke orain berez eta sasoi aldetik hobeto egon beharko nuke. Badakit ez nagoela nahi bezain ondo, baina ez nago irailean denboraldi-aurrean egoten naizen bezala ere.

"Bada animoak, babesa zein laguntza eman eta nire egoera zein den ulertzen duen jendea"

Zer moduz aurkitu duzu zure burua berriz kalean entrenatzen hasita?

Sentsazioak nahikoa onak dira. Gustatuko litzaidake Espainiako beste atletekin neurtzeko aukera izatea lehiaketa baten bitartez, ikusteko nola nagoen edo zein mailatan nagoen. Badakit orain hori ez dela posible, eta ea atletismo pistan entrenatzeko aukera izaten dudan; hor ikusiko dut gutxigorabehera nola nagoen.

Zein da egoera atletismo munduan? Noiz hasiko zarete lehiatzen?

Ekainaren amaiera eta uztaila izaten dira hilabete gogorrenak atletontzat, Espainiako txapelketak izaten ditugulako. Oraingoz, aurten atzeratuta edo bertan behera utzi dituzte. Ez dugu ideiarik, ez data bakar bat ere hurrengo txapelketak noiz izango ditugun. Badakit irailean txapelketa batzuk jokatzekoak direla. Espero dut lehenago bakarren batean parte hartzeko aukera izatea. 

Gogorik ez zenuen galduko, ordea, lehiatzera itzultzeko...

Desiatzen nago lehiatzen hasteko. Adrenalina eta lasterketa aurreko urduritasun puntua faltan botatzen ditut. Epe ertainera helburu batzuk izateak ematen dit motibazioa entrenatzeko ere. Nire helburuak txapelketak dira, eta horrek beste motibazio estra bat ematen dit. Atletismo munduko lagun guztiak berriz ikusteko gogotsu nago. 

Helburu bereziren bat markatu al duzu gorriz datozen epeetarako?

Helburu garrantzitsuena orain ohiko bizimodura itzultzea da. Kirola alde batera utzi eta osasun aldetik arazo hau konpontzea, ikasketak normal egiteko aukera izatea, lagunekin eta familiako kideekin lasai planak egiteko aukera edukitzea, oporretara norabait joatea… Horiek, halere, bigarren maila batean gelditzen dira. Kirolari dagokionez, eta momentuz lehiaketa garrantzitsurik ez dugunez, datorren urtera begira oinarri sendoa egin nahi dut, datorren denboraldia hobeto hasteko.

"Helburu garrantzitsuena orain ohiko bizimodura itzultzea da"

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide