Herrian mendi ibilaldia egiteko hiru proposamen

Hasi dira herritarrak pixkanaka-pixkanaka etxetik irten eta askatasun apur bat bilatzen. Askok, arnasarik freskoenaren bila-edo, herriko gailurretara egin dituzte txangoak. Anaitasuna mendi bazkunako kideek herri mailan egin daitezkeen hiru mendi ibilbide proposatu dizkiete azkoitiarrei.

Mendira joateko asmoa agertu du herritar bat baino gehiagok azken egunetan. Zapatuan etxetik ordutegi baten arabera irteteko baimena eman ondoren, azkoitiar askok zapaldu dituzte herriko gailurrak. Beste askok, ordea, herriko kaleetan eman dituzte paseoak.

Mendira joan nahi dutenei informazioa eman asmoz, Anaitasuna mendi bazkunako kideek hiru mendi ibilaldi proposamen egin dituzte Maxixatzenen. Munoaundira, Oletara eta Kakutera joateko bideak nola egin azaldu dute mendizaleek.

1) Munoaundi

Munoaundira joateko ibilbidea egitea da mendi bazkunak egin duen lehen proposamena. Herrigunetik abiatuta, Kukuherriko aterpetxera igo beharko litzateke hasteko. Handik, Munoandirako bidea hartu beharko dute herritarrek. Behin gora igota, behera abiatu behar etxera orduan iritsi nahi bada bederen. Azpeitia aldera hartu beharko lukete herritarrek, baina hori bai, mugak gainditu gabe; Mendizabal baserri pareraino joanda Kukuherrira irteteko bidea harteko adierazi du mendi bazkunak, handik berriz Azkoitira itzultzeko.

2) Oleta

Bigarren proposamenean, bestalde, Oletara joan-etorria egiteko ibilaldia hautatu dute Anaitasuna mendi bazkunako kideek. Herrigunetik abiatuta, Sistiaga erreka gainerako bidea hartu beharko litzateke. Handik Pagotzetara hartu, gero Oleta gainera iristeko. Behera abiatzeko, berriz, Olotzagako iturrira jaisteko bidea proposatu dute mendi bazkunako lagunek, handik berriro herrigunera itzultzeko.

3) Kakute

Hirugarren eta azken ibilbide proposamena ere egin dute Anaitasuna mendi bazkunakoek. Kakuterako bidea proposatu diete azkoitiarrei. Herrigunetik Aitza baserri aldera abiatu beharko lukete ibiltariek, handik bide gorria hartu eta Marikutzeko putzu parera irteteko. Peldoren txabola ondoko pagadira sartu eta Kakuterako bidea hartu beharko da. Gurutzera iritsitakoan, Azkoitia goitik nola dagoen ikusteko aukera ezinhobea izango dute herritarrek. Bide bera jarraituta itzuli ahalko dute mendizaleek atzera etxera.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide