Azkarateko hondakin gunea

Azkarateko gunean "berehala ikuskaritza egiteko arrazoiak" daudela adierazi du EH Bilduk

Maxixatzen.eus 2020ko api. 30a, 13:22
Azkarateko gunea. (Argazkia: Azkoitiko EH Bildu)

Eskura jarri ditu koalizioak Azkarateko hondakin gunearen hainbat argazki, eta dio argazki horietan "argi eta garbi" ikus daitekeela dagoeneko "asko dagoela eginda".

Azkoitiko EH Bilduk jakinarazi du joan den astelehenetik Azkoitiko Udalaren eskuetan daudela Azkarateko hondakin gunean koalizioak ateratako hainbat argazki. Halaber, azaldu du ez duela udalaren "inolako erantzunik" jaso. Bestalde, Azkarateko lurzoruaren inguruan egon daitezkeen baimen zein espediente guztiak eskatu dituztela jakinarazi dute. "Herritarrekin gardentasunez jokatzeko asmoz eta herria informatuta mantentzeko, argazkiak publiko egitea erabaki dugu, konfinatuta egon arren, guztiek ikus dezaten Azkaraten momentu honetan zer dagoen", azaldu dute. 

Alkateak Euskadi Irratian atzo egin zituen adierazpenak ere hizpide izan ditu EH Bilduk. "Arau subsidiarioen 4. aldaketa onartu gabe zegoela eta bide horretatik proiektua atzera botatzeko aukera zegoelaren berri ez genuen izan Azkoitiko Udaleko teknikoen eskutik. Aste Santuan gure konfiantzazko adituekin jardun genuen lanean, eta haien laguntzari esker ohartu ginen horretaz. Aste Santutik bueltan informazioa kontrastatu bakarrik egin genuen Azkoitiko Udal Idazkariarekin, ezer argitaratu aurretik ehuneko ehunean ziur egoteko", azaldu du. 

"Asko eginda"

EH Bilduk adierazi du, Azkarateko argazkietan "argi eta garbi" ikus daitekeela dagoeneko "asko dagoela eginda". "Hormigoizko zoru handi bat, lur mugimenduak eta betelana, arketa eta bi isurbide handi daude eginda", esan du. Bestalde, koalizioak nabarmendu du Ingurumen Inpaktuaren eta Urak-en txostenek ere "argi" erakusten dutela "obrak dagoeneko martxan" daudela. "Ingurumen Inpaktuaren txostenak dio, 36.898 metro karratuko gainazala duela lursailak. Lurraren ekialdeko kokalekua betelanera dago bideratuta, eta beraz, bi fasetan egin nahi da instalazioaren eraikuntza. Lehen fasean, mendebaldeko gunea egokituko da (11.696 metro karratu) sarbidearekin batera; baita bulego-baskulak eta bainu kimikoa ere (3.685 metro karratu); bigarren fasean, berriz, betelana amaitutakoan, mendebaldeko gunea egokituko da (21.517 metro karratu). Lehen faseko instalazioei buruzko informazio erlatiboa bakarrik ematen da", azaldu dute. Urak-en txostenean, berriz, arazketarako "instalazioak eginda" daudela azaltzen dela jakinarazi du EH Bilduk. "Arazketa instalazioak edota hondakin-uren neurri zuzentzaileak, dagoeneko ezarrita daudenak eta isurirako ezarritako baldintza tekniko guztiak betetzeko egoeran, aurkeztutako dokumentazio teknikora atxikiko dira", eman du txostenaren azalpena EH Bilduk.

Koalizioak, gainera, "harridura" azaldu du Azkarateko lurzoruari dagokion dokumentazioaren inguruan. "Udaletxean dokumentazio osoa eskatu ondoren, 2018an itxitura egiteko emandako espedientea eta obra baimen bat besterik ez dauzkatela dirudi. Non daude gainontzeko baimen guztiak? Betelana egiteko lizentzia, materialen biltegi baimenak, instalazioen obra baimenak...", galdetu du. EH Bilduk jakinarazi du arrazoi horiengatik ari dela udaletxean "behin eta berriz berehalako ikuskaritza" egiteko eskatzen. Halaber, argazkietan asfaltuzko lurraren gainean "obraren bateko hormigoi armatua biltzen hasiak" daudela ikus daitekeela gehitu du. 

EH Bilduk Azkarateko hondakin gunearen gainean duen jarrera berretsi du beste behin: "Gure iritziz zaborraren kudeaketarako eredu egokiena publikoa da, eta ez gaude ados horrelako jarduera industrialak lur ez urbanizagarri eta landa eremuetan egitearekin. Hirigintza funtzio publikoa da, eta horrenbestez, herriaren onurara zuzenduta egin behar da eta ez interes pribatuen alde". 

Erlazionatuak

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide