Azkarateko hondakin gunea

Puntu batzuk argituz

Hondakin gunea eraiki nahi duten gunea.

Puntu batzuk argitzeko asmoz, Azkarate Garbi auzotarrek honako gutun hau bidali dute Maxixatzenera: 'Puntu batzuk argituz'.

Atzo Euskadi Irratian argitaratu zen elkarrizketaren ondoren eta Kontzejupetik udal aldizkaria irakurri ostean, puntu batzuk argitzea nahiko genuke.

Buletina edo aurkeztu zen ingurugiro txostena irakurriz gero, ez dago zalantzarik Azkaraten martxan jarri nahi den gune hori potentzialki kutsakorra izango dela. Ez arriskutsu tituluaren atzean, arriskutsuak eta kutsakorrak diren hondakin ugari daude, hala nola beruna, kobrea, eztainua eta zinka bezalako metal astunak; guzti horiek arnasten dugun airea kutsatuko dute atmosferara igorriko diren partikulen bidez. Hainbat ikerketek probatu dute aire kutsadura horrek kalte nabarmenak eragiten dituela arnas aparatuan, eta beraz, bizidunon osasunean. Besteak beste, egun bizi dugun COVID-19aren kasuan, kutsadura heriotza-tasarekin zuzenean lotuta dagoela ere probatu dute Harvard Unibertsitateko osasun arloko ikerlariek. Hori gutxi balitz, gure ibaiak ere kutsatuko dira euri uraren eraginez eta bertan egingo diren ureztaketen ondorioz. Ur horiek tratatuak izango diren arren, ibaira isuriko diren ur tratatu horiek ondorengo hondakinen arrastoak edukiko dituztela estimatzen da: PHaren eta oxigenoaren aldaketak, burdina, hidrokarburoak, olioa eta grasak... Kontuan izan behar dugu gainera, kutsadura hori ez dela mugatuko aktibitatea martxan dagoen urte horietara, aktibitatea bukatu ostean ere, lur horiek kutsatuta jarraituko baitute.

Herrian bertan, Oñederrekin gertatu zenaren ondoren eta Zaldibarrekoa argitu gabe dagoenean, Azkaratekoari argi berdea ematea ikaragarrizko akatsa izango litzateke. Kudeaketa pribatuaren arriskuak behin eta berriz aipatu dira, baina kontuan izan behar dugu, gainera, orain dituzten baimenek ez dutela zertan hurrengo urtean izango dituzten berberak izan behar, eta Zaldibarren gertatu zen bezala, baimen berriak lortuz aktibitatea ere eraldatuz joan daitekeela. Gainera, alkateak atzo bertan esan zuen bezala, ez dute proiektu horren bigarren faseari buruzko inongo informaziorik ere eta horrek gure kezka areagotu besterik ez du egiten.

Gune horren inguruan, 800 metro azpitik 11 etxebizitza daude, horietako bat 100 metro azpitik. Zer geratuko da horien bizimoduarekin eta bizi kalitatearekin? Nork defendatuko ditu horien interesak? Aurrez aipatutako guztiari, kutsadura akustikoa ere gehitu behar diogu eta hondakinez betetako kamioien joan-etorriak. Horien kargak eta deskargak eta bertan egingo diren birrinketa eta xehetze lanek sortuko duten zaratak eta hautsak zuzenean eragingo die gertuen dauden bizilagunei eta baita horien abereei eta baratzeei ere. Udalak ahaztu badu ere, beraien animaliak eta baratzeak dira baserritarren bizitza. Pentsatu al dute nola eragingo dien honek? Lixibiatuak isurtzeko asmoa duten ibai horretako urak, animaliei edaten emateko eta baratzeak ureztatzeko erabiltzen dira gaur egun. Zer uste duzue geratuko dela animalia horiekin eta baratze horietatik lortzen den uztekin?

Larke enpresak aurkeztutako ingurumen txostenean, egunero 35 kamioiren karga eta deskarga estimatzen da, hau da, 13-14 minuturo kamioi bat jasoko dute. Horrek, gorago aipatu dugun bezala, sortuko duen zarata eta kutsaduraz gain, trafikoan ere eragina izango du. Kontuan hartu behar dugu Azkoitiko konexio puntu garrantzitsuenetakoa dela Azkarateko errepidea. Karga handiko kamioien trafikoa nabarmen igotzen bada, eta errepidearen ezaugarriak ere kontuan izanda —mendate bat da eta bihurgune ugari ditu—, bertan dabiltzan gidarientzako arriskua ere handiagoa izango da eta istripuek ere gora egingo dute. Estatistika kontua da.

Gutxi batzuen interesak edo onurak gainerakoengan sortuko dituen kalteen gainetik al daude? Zer interes daude ezkutuan, inguruko eta herritarren bizimoduan eta bizi-kalitatean izango dituen eragin negatiboak kontuan izanda, proiektua oraindik bertan behera ez uzteko? Udalak dioen moduan, hondakinena gai konplexua da, baina udalaren lana eta betebeharra da herriaren ordezkari diren momentutik, herriaren interesak defendatzea eta bermatzea. Hortik aurrerako guztia demagogia hutsa dela uste dugu. Has daitezela beraz beraien lana egiten!

Bitartean, herritar guztiei gaurko lapiko-jotzean parte hartzeko gonbidapena luzatu nahi diegu, guztion artean Azkarate garbi bat lortzeko!

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide