Euskaraldia 2020

'Elkano: lehen mundu bira' filma izango da ikusgai bihar Maxixatzen.eus-en Etxealditik Euskaraldira ekimenaren barruan

Maxixatzen.eus 2020ko api. 28a, 12:25

Etxealditik Euskaraldira ekimenaren barruan film emanaldi bateratua prestatu dute EITBk, Tokikomek eta Topaguneak. Hori dela eta, bihar 16:00etan 'Elkano: lehen mundu bira' filma izango da ikusgai Maxixatzen.eus-en. 21:00etan, aldiz, 'Gartxot: konkista aitzineko konkista' izango da ikusgai Erlo Telebistan.

Tokikom toki komunikabideen bateraguneak eta EITBk sinatu duten akordioa tarteko, bihar Gartxot: konkista aitzineko konkista eta Elkano: lehen mundu bira filmak eskainiko dituzte aldi berean, Euskal Herriko euskarazko telebista eta toki hedabide ugaritan, eta horien artean daude Maxixatzen eta Urolako Komunikazio Taldeko (UKT) gainerako hedabideak.

Euskaraldiak Etxealditik Euskaraldira ekimenaren barruan biharko prestatutako proposamenaren bueltan antolatu dute filmen emanaldia Tokikomek eta EITBk.  “Hizkuntza eta ohiturak izan dira proposamenaren ardatza”, eta “euskarazko ikus-entzunezkoez gozatzeko” nahiz “euskarazko ekoizpenen kontsumo-ohitura bultzatzeko” egin dute bat tokiko hedabideek eta telebistek.

Horrenbestez, bihar, 16:00etan hasita. Elkano filma izango da ikusgai Maxixatzen.eus-en eta UKTko gainerako webguneetan —Karkara, Baleike, Uztarria, Zarauzko Hitza eta Urola Kostako Hitza— eta Erlo Telebistan. 21:00etan, aldiz, Gartxot: konkista aitzineko konkista izango da ikusgai Erlo Telebistan.

Hona hemen filmaren aurrerapen bideoa:

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide