San Jose egoitzako langile eta egoiliar guztiek negatibo eman dute koronabirusaren proban

Maxixatzen.eus 2020ko api. 26a, 16:59
San Jose egoitzaren kanpoaldea.

Asteartetik ostiralera bitartean egin dizkiete probak egoitzako 72 langileei, Zumarragako ospitalean. San Joseko 67 egoiliarrei, berriz, egoitzan egin dizkiete testak. Denek negatibo eman dute, eta dagoeneko jakinarazi diete berria erabiltzaileen familiei. Egoitzako kideek nahiz udalak "pozez" hartu dute berria.

San Jose egoitzako egoiliar eta langile guztiek negatibo eman dute COVID-19 gaitzaren proban. Gaur goizean jaso dituzte emaitzak, eta egoiliar guztien senideei eman diete berria dagoeneko. Langileei asteartetik ostiralera bitartean egin zizkieten testak Zumarragako ospitalean, eta ostiralean, berriz, erizain talde bat joan zen egoitzara, egoiliarrei probak egitera. Guztira, 67 erabiltzaileri eta 72 langileri egin diete proba, eta denek negatibo eman dute.

Nekane Plazaola egoitzako zuzendariak azaldu duenez, presio handiko egunak ari dira bizitzen, baina gaurkoa "lasaigarria" izan da familientzat: "Animo eta esker oneko mezu asko jaso ditugu". Hark azaldu duenez, Osakidetzarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin koordinazio estuan ari dira lanean, eta "zorrotz" bete dute agindutako protokoloa. Haren arabera, merezi izan du esfortzuak, baina badaki segurtasun neurri oro mantendu behar dutela, "talderik zaurgarrienaz" ari direlako hizketan. "Elkarri laguntzen ari gara, eta guztion artean ari gara dena aurrera ateratzen".

Javier Zubizarreta alkateak eta Janire Igoa Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak ere "pozez" hartu dute albistea. Horiek San Jose egoitzako kideak "zoriondu" dituzte, egiten ari diren "lan onagatik", eta langileen "profesionaltasuna" eta horiek eskaintzen dituzten "dedikazioa nahiz maitasuna" azpimarratu dituzte. “Gure konfiantza osoa izan du beti San Jose egoitzak. Beti merezi izan du gure txalorik beroena, baina orain inoiz baino gehiago. Egoitza osatzen duten pertsona guztiek erakutsi dute profesioanal eta pertsona handiak direla. Eskerrik asko".

COVID-19 gaitzaren pandemia hasi zenetik ematen ari diren datuak "latzak eta tragikoak" dira udalaren arabera, nahiz eta "baikorrak" izateko arrazoiak ere badiren. "Testuinguru horretan, San Jose egoitzako albistea ospatzeko modukoa da, osasun krisia amaitu ez den eta zuhurtziaz jokatu beharra dagoen arren".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide