Maialen Agirre: "Neurriak betetzen finak dira alemaniarrak"

Maxixatzen.eus 2020ko api. 27a, 10:00
Maialen Agirre.

Alemaniako Giessen hirian bizi da Maialen Agirre (Azkoitia, 1985) duela sei urtetik. Han ere gogor jo du koronabirusak, baina dena dela, hildakoen kopurua baxua da beste lurralde batzuekin alderatuz gero. Neurriak ezarri dituzte, baina herritarrak ez daude konfinatuta. Hala eta guztiz, kalera "beharrezkoa" denean soilik ateratzen dela adierazi du azkoitiarrak.

Alemania koronabirus kasu gehien dituen bosgarren herrialdea da. Halere, hildako kopurua ez da hainbesterainokoa. Zein da egoera?

80 milioi biztanle inguru ditu Alemaniak; Europako herrialderik populatuenetako bat da. 100.000 biztanleko 188 kasu positibo daude. Hori kontuan izanez gero, zerrendaren erdialdean egongo litzateke Alemania. Dena den, lurraldean ez da modu berean zabaldu koronabirusa: Baviera, Baden-Wuttemberg eta Ipar Renania-Westfalia zonaldeetan dago kutsatu gehien. Hildako kopurua, berriz, ez da oso altua munduko beste herrialdeekin konparatuta; 5.800 pertsona inguru hil dira koronabirusagatik.

Zergatik da beste hainbat herrialdetan baino baxuagoa hildako kopurua?

Arrazoi ugari egon daitezke horren atzean. Lehen koronabirus kasua urtarrilaren bukaeran atzeman zuten Alemanian, Munich inguruko herri batean. Kutsatutako pertsona hori berrogeialdian jarri zuten, bere inguruan COVID-19 birusaren testak egiten hasi ziren eta positibo eman zuten pertsona guztiak isolamenduan jarri zituzten. Horrela lortu zuten gaixotasuna ez zabaltzea. Alemaniako laborategiak testak ekoizten hasi ziren, pandemia baten aurrean egon gintezkeen beldurrez. Gaur egun, Alemanian 600.000 test egiten dituzte astean, eta positibo eman duten pertsonekin kontaktuan egon diren pertsonak berrogeialdian jartzen dituzte. Beste arrazoi batzuk ere egon daitezke, hala nola osasun sisteman asko inbertitu duen lurraldea izan dela eta 40.000 ohe prestatu dituztela Zainketa Intentsiboetako Unitatean –ohe horietatik 30.000 inguru erabili dituzte–. Bestalde, hasieran kutsatu ziren pertsona gehienak gazteak izateak ere ekarri du birusa helduengana ez zabaltzea.

Noiz hasi ziren neurriak hartzen? Eta nola bizi izan zenuten prozesu hori?

Angela Merkelek martxoaren 18an lurraldeari emandako mezuan esan zuen Bigarren Mundu Gerraren ondorengo erronkarik handienetariko baten aurrean geundela, eta zentzuz zein zuhurtziaz jokatzeko eskatu zien herritarrei. Egun hartatik aurrea hasi ziren neurriak hartzen: eskolak, unibertsitateak, tabernak, jatetxeak, parkeak… itxi zituzten, eta kontaktu debekua ezarri zuten; bi pertsona baino gehiago elkartzea debekatu eta metro erdiko distantziak errespetatzea eskatu zuten. Prozedura horiek ez ziguten gure bizitza guztiz aldatu; izan ere, kalera ateratzeko debekurik ez ziguten ezarri eta kirola egitera edota paseora ateratzeko eragozpenik ez dugu izan. Egia esan, horrek gauzak erraztu egin dizkigu, baina umeak dituzten familientzako handiagoa izan da aldaketa. Bestalde, nik lan egiten dudan enpresak martxoaren 17an hartu zituen neurriak: bulegoetako langileok etxetik hasi ginen lanean; ekoizpeneko langileak, berriz, bi txandatan zatitu zituzten; distantziak ezartzen hasi ziren; eta maskarak eta eskularruak jarri zituzten langile guztientzako eskuragarri.

Zertara atera zaitezkete kalera?

Hemen ez dute ezarri konfinamendua. Etxean geratzeko gomendioa eman ziguten, baina ez da derrigorrezko zerbait. Edozein unetan atera gaitezke kalera, nahiz eta hiriko dendak itxita dauden. Kirola egitera irteteko aukera daukagu edota parkean eserita egon gaitezke. Hala eta guztiz, beharrezkoa dugunean soilik ateratzen gara; hau da, erosketak egitera edota lana egin ondoren paseora. Gobernuaren gomendioei kasu egiten die jendeak, eta beharrezkoa dutenean bakarrik ateratzen dira. Neurriak betetzen finak dira Alemaniako herritarrak.

Nola ari zarete bizitzen egoera?

Familiarekin eta lagunekin ez elkartzea da gaizkien ematen ari naizena, asteburuetako planak-eta ez egitea. Egunerokotasunean ez dut aldaketa handirik sumatu: etxetik lana egin, paseatzera atera, erosketak egin... Baina asteburuak gogorragoak dira. Haurdun eta azken txanpan egonda, lasaitasuna eskertzen da.

Maiatzaren hasieran pixkanaka lehengora itzultzen hastea aurreikusten du Alemaniako Gobernuak. Nolakoa itzulera irudikatzen duzu?

Apirilaren 20an 800 metro karratutik beherako dendak irekitzeko baimena eman zuten, eta maiatzaren 4tik aurrera, orain arte hartutako neurriak arinduko dituztela aurreikusi dute. Besteak beste, eskolak eta unibertsitateak irekitzea aurreikusten dute, baina oraindik ez dut uste normaltasunera itzuliko garenik. Adituek diote oraindik bigarren olatu bat etorriko dela, eta hori horrela izanik, ez dut uste aldaketa handirik etorriko denik.

Euskal Herriko egoera ari al zara jarraitzen?

Noski, egunero hitz egiten dut telefonoz edo bideo dei bidez, bai familiarekin, baita lagunekin ere. Egoerari aurre egiteko, herritarrak kirola egitera ateratzea edota umeak kalera irtetea beharrezkoa dela uste dut, beti ere, jendeak distantziak errespetatzen baditu. Konfinamenduan Euskal Herrian ezarritako neurriak oso gogorrak izan direla uste dut, eta horregatik, aurrerantzean pandemiari aurre egiteko denok gure esku dagoena egingo dugulakoan nago.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide