Maiatzaren 2tik aurrera kirola egitera atera ahal izango da, COVID-19 gaitzaren garapena positiboa bada

Maxixatzen.eus 2020ko api. 25a, 20:54

Pandemiaren garapenak orain arteko joera izaten badu, datorren larunbatetik aurrera kirola egitera edo paseora ateratzeko aukera emango du Espainiako Gobernuak. Gainera, konfinamendua arintzeko neurriak "modu asimetrikoan baina koordinatuta" hartuko dituztela jakinarazi du Pedro Sanchez Espainiako presidenteak.

COVID-19 gaitzaren garapena positiboa bada, maiatzaren 2tik aurrera kirola egitera eta paseora kalera artera ahal izango da. Hala jakinarazi du gaur, larunbatarekin, Pedro Sachez Espainiako presidenteak. “Pandemiaren garapenak orain arteko joera izaten badu, astebetera, banaka kirola egin ahal izango da eta bizi garen pertsonekin paseora atera ahal izango da”, adierazi du hark.

Konfinamendua arintzen hasteko lehen neurria bihar jarriko dute indarrean: 14 urtetik beherako umeak eta gaztetxoak kalera irten ahal izango dira hainbat baldintzaren pean. Besteak beste, etxetik kilometro batera urrundu ahal izango dute gehienez eta ordubete pasatu ahal izango dute horiek kalean.

Bestalde, Sanchezek jakinarazi du asteartean egingo duten Ministroen Kontseiluan landuko dutela konfinamendua arintzeko jarraitu beharreko pausoen gaia. Haren arabera, kofinamendua “pixkanaka” arinduko dute, iragarri dituen neurrien gisakoak hartuta, eta konfinamendua bertan behera uzteko pausoak “modu asimetrikoan baina koordinatuta” emango dituztela azaldu du; hau da, lurraldeka desberdina izango da. Dena den, ez du zehaztu nork erabakiko duen –Espainiako Gobernuak edo lurralde bakoitzeko arduraun politikoek– hartu beharreko neurriak zeintzuk diren.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide