Koronabirus kasu berririk ez dute atzeman Azkoitian

Maxixatzen.eus 2020ko api. 24a, 13:41

Eusko Jaurlaritzak kaleratu berri dituen datuen arabera, azken orduetan ez dute koronabirus kasu berririk hauteman Azkoitian. Horrenbestez, hamalau dira orain arte herrian baieztatu dituzten kasuak. Eskualdean, aldiz, 11 kasu gehiago zenbatu dituzte; guztiak Zarautzen. Dagoeneko Urola Kostan 224 dira gaitzak kutsatutako herritarrak.

Azkoitian ez dute koronabirusaren kasu positibo berririk atzeman azken orduotan. Urola Kostako datuak kontuan hartuta, ordea, azken egunetan baino datu kezkagarriagoak eman ditu gaur Osakidetzak. Izan ere, 11 kasu berri baieztatu zituzten atzo eskualdean; guztiak Zarautzen. Guztira, 124 kasu baieztatu dituzte herri horretan gaur arte. Positibo berri horiekin, 224 kasu positibo baieztatu dituzte Urola Kostan, zenbaketak hasi zituztenetik.

Eskualdeko gainontzeko herrietan ez da aldatu COVID-19 gaitzaz kutsatutako pertsonen kopurua: 47 kasu baieztatu dituzte Zumaian, hamasei Orion, hamalau Azkoitian, 11 Azpeitian, lau Zestoan, hiruna Aian eta Getarian, eta bi Aizarnazabalen.

Eusko Jaurlaritzaren datuek kopuru horiek zehaztu dituzte, baina kontuan hartu behar da koronabirusaren pandemia hasi zenetik sendatu edo zendu diren bizilagunak ere badirela. Beraz, ezin da jakin ziurtasun osoz zenbat pertsona dauden gaur egun COVID-19 gaitzaz kutsatuta.

Lurraldekako datuak

Osakidetzak jakinarazi duenez, atzo 4.339 PCR proba eta 3.050 test azkar egin zituzten –inoizko kopururik handiena–, eta 344 kasu berri atzeman dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Hiru lurralde horietan, 26 pertsona hil ziren atzo, eta 323 lagun osatu ziren. Guztira, 1.193 pertsona hil eta 8.459 sendatu dira krisia hasi zenetik.

Nafarroan berriz, 117 kasu berri atzeman dituzte azken orduetan. Atzo, inoiz baino PCR proba gehiago egin zituzten lurralde horretan: 1.357. Guztira, 5.180 koronabirus kasu aurkitu dituzte kontaketa hasi zutenetik, eta 417 lagun hil dira gaitzaren ondorioz; horietako zortzi, azken orduetan. Guztira, 1.552 lagun sendatu dira Nafarroan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide