Miren Zubizarreta: "Oso lan gatazka luzea eta gogorra izan da"

Maxixatzen.eus 2020ko api. 24a, 13:17
Miren Zubizarretaren irudia. (Egilea: Gorka LarraƱaga)

ELA sindikatuko hezkuntza arloko arduraduna da Miren Zubizarreta Juaristi (Azkoitia, 1979).Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan lortutako akordioa hizpide izan du azkoitiarrak, gatazka "luzea"eta "gogorra" izan dela azalduz. Apirileko Maxixatzen aldizkarirako Gorka Larrañagak egindako erretratua.

Adina: 41 urte.

Ikasketak: lan zuzenbideko abokatua.

Lanbidea: sindikalista.

Sindikalista ez banintz... lan zuzenbideko abokatua.

Lanetik ateratzean gogoko dut... familiarekin egotea.

Miren Zubizarretak ez du inolako zalantzarik egin bere burua aurkezterakoan hautatu dituen hitzen artean: “Azkoitiarra, emakumea, euskalduna eta abertzalea” Zubizarretak, gainera, “gero eta argiago” ikusten du egungo lan, produkzio eta gizarte eredua “aldatzeko beharra”. ELA sindikatuan horretan dihardu. Askotan agertu izan da telebistan nahiz egunkari eta albiste orrietan. “Errespetu handia” ematen dion “lanaren zati bat” izan arren, denbora pasatu ahala “apur bat ohitu” dela aitortu du azkoitiarrak. Halere, inork ez dio kentzen une horietan ia guztiek bizi izan ohi duten urduritasun puntua. Bere burua aurkezten jarraitzen du Zubizarretak, eta lanari buruz hitz egin du ondoren. “Zoritxarrez edo zorionez” dio, laneko kontuak etxera eramaten dituen horietakoa da. “Ezinezkoa egiten zait, bereziki gatazka edo arazo mardul baten kudeaketa erdian egonda, etxera iritsi eta erabat deskonektatzea”, dio.

ELA sindikatuko kide gisa da ezaguna egun Miren Zubizarreta, baina aurrez sindikatuarekin zerikusi handirik ez duten lanbideetan aritutakoa da; loturarik ez zuten, beharbada, baina sindikatura bideratzeko lehen ateak ireki zitzaizkion orduan. Zuzenbide ikasketak amaitu bitartean, tabernako lana zer zen ikasi zuen. Zubizarretaren hitzetan, “prekarietatea eta irregulartasunak ondo ezagutzeko aukera” izan zuen esperientzia hartan. Zuzenbide ikasketak bukatutakoan, berriz, abokatu bulego batean hasi zuen praktikaldia. Honela oroitzen du azkoitiarrak garai hura: “Lan esperientzia hartzeko aitzakiapean, ikasketak amaitu berri dituzten gazteak erabili egiten dituzte sarritan, soldatari baino gehiago propinari gerturatzen zaion sari baten truke”.

Tabernako eta abokatu bulegoko etapa amaitu, eta 25 urte bete berriak zituela, ELA sindikatuaren zerbitzu juridikoan hasi zen lanean Zubizarreta. Egunkariko orrialdeak pasatu eta pasatu ari zen egun batean, ELAren deialdi bat aurkitu zuen; ikusi bezain laster bidali zuen curriculuma. Hautatze prozesuan parte hartu zuen, eta hura gaindituta hasi zen lanean. Zerbitzu juridikoan, Tolosan eman zituen sindikalgintzan lehen pausoak Zubizarretak. “Zuzenbide ikasketak amaitu ondoren, banuen abokatu lan egiteko gogoa; Lan Zuzenbideak asko erakartzen ninduen, beti ere lan harremanetan alderdi ahulenaren edo langilearen aldeko tresna gisa”, adierazi du. Sasoi hartako arrazoiak “presente” ditu oraindik ere azkoitiarrak; lan bizitza “giro abertzalean eta euskaldunean” eramaten du aurrera.

Eta ordutik —duela hamasei urte—, ELAn murgilduta dago, energia handia eskatzen dion etenik gabeko borrokan. “Etengabeko borroka da sindikatuko kideona, are gehiago azken urteetan bizi dugun inboluzio honetan”, azaldu du Zubizarretak. Inboluzioa deitu dio egoerari. “Lan eta bizi baldintzetan aurrera egin beharrean, kapitalak, tamalez, azken krisiak baliatu ditu”, azaldu du ELAko kideak. Arduratuta dago egoera horrekin. “Gure agintarien babes osoa du; beren interesen alde, lan eta bizi baldintzak urratzen joan dira, eta lan mundua gero eta prekarizatuagoa dago”, egin du azpimarra. Egoera horri aurre egitea du xede Zubizarretak sindikatuan lan eginda.

Sindikatukoa lan “intentsoa” dela baieztatu du, eta horrek hari mutur batetik zintzilik lotuta ekarri ohi du zailtasuna ere. Zubizarretak aitortu duenez, akordioak lortzeko prozesuak “une zailak” izan ohi dira. Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan lortutako azken akordioari buruz dihardu orain. “Kontuan izan behar dugu hiru ikasturte iraun duen gatazka izan dela, 29 greba egun batu dituena denboran zehar, eta oso mediatikoa ere izan da gatazka hori. Hezkuntza Sailaren erabateko arduragabekeria eta patronalen gogortasuna nagusi izan dira”, azaldu du Zubizarretak. Hezkuntzaren arlokoa izanik, familien “ardura eta kezka” ere gehitu direla ikusi du azken prozesu horretan. “Hezkuntza Saila eta patronala izan dira hamar urtez hitzarmena eguneratu gabe zuten langileek egindako protesten eta eskaeren erantzuleak. Gogorra izan da bi erantzuleek erakutsitako pasibitatea, utzikeria eta langileen aurkako mezuak pairatu eta entzun beharra”, gehitu du sindikalista azkoitiarrak. Halere, harago jo du zailtasunak azaltzeko: “Greba txanda bakoitza amaitzean, greban zeuden langileei guztia azaldu eta borrokan jarraitu behar genuela esatea izan da zailena”. Alde horretatik, langile grebalariek erakutsitako “tinkotasuna” zoriontzekoa izan dela dio. “Tentsio une handiak bizi ohi ditugu, baina esan beharra dago paregabeko une gozoak ere izaten ditugula”. Txarrenari onena ateratzeak duen garrantziaren jakitun, prozesu luze horren emaitzak ondorioak ateratzeko balio izan dio Zubizarretari. Eta poz iturri bat hautatzen hasita, hauxe bere erantzuna: “Bizi izan dudan azkena delako eta oso lan gatazka luzea nahiz gogorra izan delako, Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan lortutako akordioa datorkit gogora”. Langileek bat egiteko duten indarra nabarmendu du ELAko kideak. “Langileok antolatzen eta mobilizatzen bagara, gai gara gure agintarien erabaki politikoak eta patronalen posizioak baldintzatzeko. Gatazka honek zerbait agerian utzi badu, hori izan da”, azaldu du Zubizarretak.

Euskal hezkuntza ere hizpide izan du azkoitiarrak, eta uste du “erronka handiak” dituela. “Gure hezkuntza propio bat eraiki nahi badugu, inklusiboa izango den hezkuntza propioa, ikasleen garapen integrala bermatuko duena izateaz gain, hizkuntza aldetik murgiltze ereduan sakonduko duena izan behar du”, adierazi du azkoitiarrak. Erronka horiei aurre egiteko, bere hitzetan “ezinbestekoa” da euskal hezkuntza sistemari “beharrezko baliabideak” ematea; baliabide horien artean aipatu ditu, besteak beste, hezkuntzan lan egiten duten langile kolektibo guztien “lan baldintzak hobetzea”, langileak “egonkortzea” eta egun aplikatzen den “muturreko ratio politikaren aldaketa”.

Zubizarretak nabarmendu du ELA sindikatua hezkuntza eredu propio horretarako bidea egiteko eskatzen ari zaiela Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari. “Hezkuntzan eskuduntza osoa izanda ere, bide hori egiteari uko egiten diote. Hezkuntza sistemari dagozkion erabakiak hartzerakoan irizpide ekonomikoak lehenesten dituzte gehienetan, eta baliagarri zaien heinean, Madrildik ezarritako arauei egiten diete men”, azaldu du ELAko kideak. Egoera hori LOMCErekin “argi” ikusi zela dio Zubizarretak, baita hezkuntza publikoko langileen “oposaketa ereduarekin” ere. Halaber, gogora ekarri ditu hezkuntzan egindako azken inbertsio publikoak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hezkuntzan egindako inbertsio publikoa Barne Produktu Gordinaren %4,2koa izan zen 2008an. 2019an, berriz, %3,5ekoa izan zen. “Gure hezkuntza sistemak dituen erronkei modu egokian aurre egin nahi badiegu, beharrezkoa da ikastetxeek baliabideak eta langileek lanerako baldintza onak izatea”, azpimarratu du Zubizarretak. Horri lotuta, azaldu du gobernuak hartzen ari diren erabakiak “horren kontrako bidean” doazela.

Etorkizunera begira jarrita, lan mundua “gero eta prekarioagoa” dela dio Zubizarretak. “Prekarizazioaren areagotze prozesu horretan, egoera larrienak dituzten pertsonak eta langileak dira gehien sufritzen dutenak, eta bereziki emakumeak”. Hori da ELA sindikatuaren lan ildo nagusiena, Zubizarretaren esanetan. “Gure asmoa da lan munduaren prekarizazio forma desberdinen aurrean prekarietate hori pairatzen duten langileen zerbitzura dagoen sindikatua izatea”, erantsi du. Zentzu horretan, ELAk egoera horiei buelta emateko “beharrezko tresnak” dituela adierazi du. “Erresistentzia kutxarik gabe, ezin da ulertu klasekoa eta feminista den Gipuzkoako erresidentzietako 200 greba egunetik gorako borroka, ezta ELAko ordezkariek egindako antolakuntza lanik gabe ere”, dio sindikalistak.

Hemendik urte batzuetara ez daki non izango den. “Sindikatuaren beharrak eta egoera pertsonala uztartuz, sindikatuan erabakitzen dugun tokian egongo naiz”, adierazi du. Hori bai, ELA sindikatuko etapa amaitu aurretik langile klasearen “kohesioan eta antolakuntzan” egunez egun ematen ari diren pausoak “etengabe biderkatzen” ari direla ikusi nahi du.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide