Zer babes neurri hartu behar dira haurrekin kalera irteteko?

Maxixatzen.eus 2020ko api. 24a, 16:00

Igandeaz geroztik, kalera atera ahal izango dutela eta, guraso askok haurrak babesteko hartu beharreko neurrien inguruko zalantzak izan ditzakete. Espainiako Gobernuak ez du dekretua oraindik kaleratu, baina Felix Zubia medikuak dioenez, badira hartu beharreko neurri "logiko" batzuk.

Igandetik aurrera, haurrek egunean ordubetez kalera irteteko aukera izango dute. Hori horrela izanik, gurasoei zer babes neurri hartzea komeni zaie haurrak COVID-19 birusetik babesteko? Zalantzak izan ditzakete guraso askok, eta Felix Zubia medikuak hainbat gako eman du. Hark dioenez, baina, hedabideetan zabaldutako informazioa baino ez dute oraingoz, eta Espainiako Gobernuak dekretua ateratzeko zain daude. Hala ere, haren ustez, badira hartu beharreko neurri "logiko" batzuk.

Lau neurri aipatu ditu Zubiak. Hark uste du honako neurri hauek hartzea nahikoa izango dela umeak eta ingurukoak seguru ibil daitezen kalean. Honako hauek dira haren gomendioak:

1. "Garrantzitsuena da ez nahastea etxe bateko eta besteko haurrak eta familiak. Etxe bereko haurrak ibil daitezke elkarrekin, noski, baina beste etxeetakoekin nahastu gabe".

2. "Kalean distantziak mantentzea ere garrantzitsua da; metro eta erdi eta bi metro arteko distantzia hartu behar da kalean dabilen gainerako jendearekiko. Lagunak ikusten badituzte ere, distantzia hori mantendu behar da".

3. "Jolas parkeetara ez da joan behar, ezta kaleko bankuetan eseri ere".

4. "Umeek azalerak ahalik eta gutxien uki ditzaten saiatu behar dute gurasoek, baina erotu gabe. Izan ere, berez airez transmititzen da birusa".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide