Azkarateko hondakin gunea

Industria hondakinen "kudeaketa publikoa" bermatzeko eskatu dio EH Bilduk Gipuzkoako Aldundiari

EH Bildu "kezkatuta" agertu da Eusko Jaurlaritzak igurumen adierazpen estrategikoa eman diolako Azkoitiko Udalari. Koalizioak eskatu du industria hondakinen tratamendua "kudeaketa zuzenaren bitartez" egiteko, eta salatu du Gipuzkoako hondakinen tratamendurako planta guztiak "pribatizatu" egin direla.

Gipuzkoako EH Bilduk azaldu duenez, Azkarateko hondakinen gunearen inguruan zuten kezka "areagotu" egin zaie koalizioko kideei; izan ere, horien arabera, Eusko Jaurlaritzak "denbora gutxian eta prozedurak etenda direla" eman dio ingurumen adierazpen estrategikoa Azkoitiko Udalari. EH Bilduk jakinarazi du Batzar Nagusietako apirileko ezohiko osoko bilkurarako ebazpen proposamena erregistratu duela, baina adierazi du "presazkoa ez" dela argudiatuta, ez dietela eskaera onartu. Halaber, gaiaren "larritasuna" ikusita, maiatzaren 6an egingo den osoko bilkuran eztabaida "ez ukatzeko" eskatu du.

EH Bilduk salatu duenez, enpresa pribatu bati alarma egoeran eta administrazio epeak etenda direla eman dio baimena Jaurlaritzak, eta gogorarazi du bi hilabete baino ez direla igaro Zaldibarren hondamendia pasatu zenetik. "Zaldibarren jazotako hondamendi humanoak eta ekologikoak irakasgai bat utzi du. Hondakinen tratamendua ezin da enpresa pribatuen esku utzi".

Gipuzkoako hiri eta industria hondakinen tratamendua, enpresa pribatuen bidez egin beharrean, "kudeaketa zuzenaren bitartez" egitea eskatu du koalizioak. "Gipuzkoako hondakinen kudeaketarako planta guztietan kontrol publiko zorrotza bermatzea eskatzen dugu, eta, horrenbestez, aldundiak ez dezala Azkoitian industria hondakinen zabortegi bat jartzea onartu", adierazi du. Izan ere, EH Bilduren arabera, Eusko Jaurlaritzaren "kontrol faltarekin" eta hondakinen tratamendua enpresa pribatuen esku utziz gero, Zaldibarko ezbeharra errepikatzeko arriskua "begibistakoa" da.

Bestalde, Gipuzkoako hondakinen tratamendurako planta guztiak "pribatizatu" egin direla jakinarazi du EH Bilduk. "Horrek esan nahi du, herritarrok eta administrazio publikoak enpresa pribatuen menpe egon behar dugula zerbitzu hori jasotzeko". Zaldibarren gertatutakoaren ondotik, instalazio horietan dagoen kontrol falta "agerikoa" dela nabarmendu du koalizioak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide