Lehen bi ebaluazioak hartuko dituzte oinarri azken kalifikazioetarako

Maxixatzen.eus 2020ko api. 22a, 17:06

Eusko Jaurlaritzak ikasturte bukaera antolatzeko jarraibideak eman dizkie Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskolei. Itxialdi garaiak pisu txikiagoa izango du bukaerako kalifikazioan eta inork ez du ikasturtea errepikatuko hezkuntza ez-presentziala eskuratzeko izan dituen zailtasunengatik. Ekainean ikasgeletara bueltatzeko aukera mahai gainean jarri du Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskolei ikasturte bukaera antolatzeko argibideak helarazi dizkie gaur, txosten batean, Eusko Jaurlaritzak, eta Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak agerraldia egin du txosten horren nondik norakoak azaltzeko. Besteren artean, ebaluazio eta errepikapen irizpideez eta aurrez aurreko eskoletara itzultzeko aukeraz hitz egin du agerraldi horretan.

Sailburuak azaldu duenaren arabera, eskolek itxialdia hasi aurreko ebaluazioak hartu beharko dituzte oinarri azken kalifikazioetarako. Horrek ez du esan nahi itxialdi garaian egindako lanak kontuan hartuko ez dituztenik. Eskola bakoitzak zehaztu beharko ditu zein diren ikasturtea gainditzeko gutxieneko helburuak eta aukera izango dute "hirugarren ebaluazio espezifiko bat" egiteko: hirugarren hiruhilekoko gaitasunak aztertzeko izan daiteke, edo amaierako ebaluazio labur bat egiteko.

Ebaluazioa nola egin, aukera bat baino gehiago ageri dira txostenean: ikasleen lanak, bideokonferentzia bidezko aurkezpenak, tutoretza indibidualizatuak... Dena dela, "azken ebaluazio horretan, lehen bi ebaluazioetan lortutako lorpenak hartuko dira kontuan, eta hirugarren hiruhilekoan lortutako lorpenak soilik gehituko zaizkie ebaluazio horiei. Kalifikazioa zehaztuko dute". 

Ezohiko egoeran curriculum osoa lantzea ezinezkoa dela jakinda, "ikasgai instrumentalak lehenesteko" hautua egin du Jaurlaritzak: alegia, hizkuntzak, matematika eta zientzia. Ikasgaien barruan ere gai zentralak identifikatzeko eskatu die eskolei. "Dagokion irakasle taldeak edo sail didaktikoak lehentasuna emango die ikaskuntza helburuei, edota egokitu egingo ditu curriculuma emateko egungo inguruabarretara".  

Ikasturtea errepikatzeko aukerari buruz ere jardun du Uriartek. Ohartarazi du orain arte ere "salbuespeneko neurria" zela, eta erantsi du neurri hori ezin dela hartu asteotako egoerari lotua baldin badago. "Irakasleek bermatu beharko dute ikasle batek ere ez duela errepikatu behar hezkuntza ez-presentziala eskuratzeko izan dituen zailtasunengatik". Hala ere, ohiko araudiari eutsiko diote: DBHn, adibidez, ezin da ikasturtea pasatu hiru ikasgaitan ebaluazio negatiboa izanez gero. 

Ekainean ikasgeletara itzultzeko aukera

Ekainean ikasgelak zabaltzeko aukera mahai gainean jarri du Uriartek: "Nik ez dut itxaropena galtzen". Jakinarazi du sailak prest duela eskolak berriro zabaltzeko planteamendu bat, eta lau ikasmaila lehenetsiko dituztela: DBHko laugarrena, Batxilergoko biak, eta Lanbide Heziketako lehena. Ikasmaila "kritikoak" direla azaldu du Uriartek. Edonola ere, osasun arduradunek zehaztuko dute buelta posible den ala ez.

Edozein kasutan, eskolei eskatuko zaie "koordinazioa planifikatzea" ikasleen oraingo eta datorren ikasturteko irakasleen artean. Helburua da jarraitutasuna ematea irakaskuntza prozesuari, udako oporretarako eta irailerako errepaso eta errefortzu proposamenak diseinatzeko.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide