Euskaraldia 2020

Udala eta Euskara Mahaia Etxealditik Euskaraldira ekimenera batu dira

Maxixatzen.eus 2020ko api. 22a, 13:11

Azkoitiko Udala eta Azkoitiko Euskara Mahaia Etxealditik Euskaraldira ekimenera batu dira. Ekimenaren helburua da hizketaldietan erabiltzen den hizkuntzaren gainean hausnarketa egitea.

Euskaraldiko antolatzaileek Etxealditik Euskaraldira ekimena jarri dute martxan, eta Azkoitiko Udala eta Azkoitiko Euskara Mahaia ekimenera batu dira. Udazkenean egingo den Euskaraldiaren bigarren edizioaren atariko modura, maiatzaren 3ra bitartean egingo dute ekimena.

Hizketaldietan erabiltzen den hizkuntzaren gainean hausnarketa egitea da proposamenaren helburu nagusia; etxealdian erabiltzen diren hizkuntza-ohiturak zeintzuk diren jaso, eta ohitura horien zergatiei erreparatzea nahi du ekimenak. Era berean, euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan erabiltzeko gonbidapena da. 

Hizkuntza portaeren eta ohituren gaineko hausnarketa egingo da apirilaren 23ra arte. Hilaren 24tik 30era, berriz, ohiturak aldatzeko edo finkatzeko zazpi proposamen praktiko zabalduko ditu ekimenak; maiatzaren 3an, azkenik, amaierako ekimen bateratua egingo dute.

Ekimenak irauten duen bitartean, Etxealditik Euskaraldira ekimena gizarteratzeko eta ekimenean parte hartzeko jarraibideak bideo laburren eta mezuen bidez emango ditu ekimenak; goizero Euskaraldiko sare sozialetan —Facebook, Instagram eta Twitter— Ahobizi eta Belarriprest Telegram kanaletan eta Euskaraldiako webgunean zabalduko dituzte bideoak eta mezuak. Azkoitiko Udalak eta Euskara Mahaiko kideek ere beraien sare sozialetan partekatuko dute Euskaraldiak emandako informazioa. 

Ekimenean parte hartzeko, bideoak eta argazkiak sare sozialetan @euskaraldia kontua aipatuz eta #EtxealditikEuskaraldira traola erabiliz zabaltzeko dei egin dute; halaber, leiho eta balkoietan koloretako puntu bat jartzeko ere eskatu dute. Herrietako argitalpenak bereizteko, Azkoitiaren kasuan #Azkoitia traola erabiltzeko gomendioa egin dute. 

2013ko udan lanean hasi zen Euskara Mahaiaren kideak honakoak dira: Xabier Munibe Ikastola —Udaberri eta Indarlan Guraso elkarteak barne—, Floreaga Salestar Ikastetxea —Elkarrekin Guraso elkartea barne—, Izarraitz Lanbide Heziketa, Azkoitia BHI, Bizilore Eskola Aktiboa, Azkoitiko AEK Euskaltegia, Erniarraitz Bertsozale Elkartea, Maxixatzen Euskaldunon Elkartea, UKT eta Azkoitiko Udala. Etxealditik Euskaraldira ekimenarekin Azkoitian aipatutako erakunde guztiek egin dute bat.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide