Piezak, burua pizteko

Berria 2020ko api. 21a, 11:54
Jose Miguel Irizar. (Argazkia: Ana Abarisketa)

Azken asteetan puzzleen salmentek sekulako hazkundea izan dute, eta toki askotan ezinezkoa da halakorik lortzea. Denbora pasatu eta gozatzeko ez ezik, buruko osasunerako onuragarriak direla diote adituek. Garuneko gaixotasunik ez izateko ere balio dute. Gai horretaz hitz egin du Jose Miguel Irizarrek Berria egunkariarekin.

Poliki. Lasai. Pieza bat eta beste pieza bat. Bata bestearen atzetik, denak lotuz, irudi ezkutua agertzen den arte. Puzzleak denbora- pasa atsegina izan daitezke, eta, gainera, buru osasunerako onak ere badira. Askori gogoa betetzen dio ehunka edo milaka piezaren baturek osatutako irudi edo argazki eder bihurtuta ikusteak hasieran kolore zertzelada esanahirik gabeko horiek. Azken boladan, inoiz baino gehiago. Konfinamendua hasi zenetik, gora egin du puzzleen salmentak.

Eguberrietan saltzen dira puzzle gehien, baina aurten ez da horrela izan. Puzzle ekoizle nagusien arabera, Eguberrietako salmentak gainditu dituzte hilabete honetan, eta eskariari ezin erantzun dabiltza. Batzuk saiatu dira ekoizpena azkartzen, baina ez da hain erraza. Are, puzzle saltzaile batzuek Internet bidez erosteko aukera kendu behar izan dute, joko horien sukarra dela eta.

Eskala txikiagoan ere antzeman dute gorakada. Jose Miguel Irizarrek paper denda bat du Azkoitian (Gipuzkoa), eta puzzleak ere saltzen ditu. Egun hauetan dena saldu duela esan du: "Hiru eskas gelditu zaizkit. Jendeak lehen esaten zuen 4.000 piezakoa ikaragarria zela, baina orain horiek ere hartzen dituzte. Dena saldu dugu". Bestela ere puzzle zaletasuna badagoela aipatu du. Puzzlea bukatu ondoren, nahi duenari plastikoarekin biltzen dio, nonbaiten paratu dezan.

Puzzleak egiteko, denbora beharrezkoa da, eta konfinamenduak horixe eman dio jende askori: denbora. Horregatik, ez da harritzekoa salmenten gorakada. Gainera, puzzleak egitea osasungarria dela diote adituek. Are, garuneko gaitzak saihesteko zein sendatzeko erabiltzen direla jakinarazi du Elena Olaiz psikologoak: "Garuneko paralisia edo funtzio kognitiboak kaltetuak daudenean, adibidez, horrelako errehabilitazioa erabiltzen da: puzzleak edo arreta eta oroimena lantzen dituzten jokoak". Buruko gimnasia edo garuneko estimulazioa deitzen zaio horri.

Jarraitu erreportajea irakurtzen Berriaren webgunean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide