Kultur edukirik ez da izango gaur eta bihar Maxixatzenen, greba digitala dela eta

Maxixatzen.eus 2020ko api. 21a, 09:32

Urolako Komunikazio Taldeak, tartean Maxixatzenek, bat egin du mila euskal kulturgile inguruk egindako eskaerarekin. Itxialdia dela-eta kulturaren sektoreak bizi duen egoera salatzea eta gizartean horren gaineko gogoeta bultzatzea dira egitasmoaren helburuak.

Greba digitala egingo dute gaur eta bihar ia 1.000 sortzaile, kulturgile eta artistak. Alegia, itxialdia hasi zenetik sareetan doan egiten ari diren lana bi egunez baztertu egingo dute euskal kulturgileek, gizartea eta agintariak ohar daitezen beren egoeraren larriaz. Aurreko astean egin zuten deialdia, eta hedabideei ere eskatu zieten ez zezatela kultur edukirik partekatu bi egun hauetan. Urolako Komunikazio Taldeak, tartean Maxixatzenek, errespetatu egingo du eskari hori, eta gaur eta bihar ez du kultur edukirik partekatuko nahiz sortuko sareetan.

Hala, besteak beste, egunotan ez da Etxetik Mundura saiorik egongo, eta Enoken zintak papereko edizioan soilik ikusi ahal izango ditu irakurleak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide