Azkarateko hondakin gunea

"Zergatik aukeratu dute berriz ere Azkoitia guk sortzen ez ditugun hondakinak kudeatzeko?"

Maxixatzen.eus 2020ko api. 17a, 10:33
Azkaraten egokitzen ari diren gunea.

"Proiektuaren gaineko azalpenak emateko eta proiektuarekiko dugun aurkakotasuna agertzeko" bilera eskatu dio Azkoitia Garbi auzotarren taldeak udalari. Azkoitiak "hondakin ez arriskutsuen birziklatzeari dagokion kuota ordainduta" duela salatu dute. Planta gelditzea Udal Gobernuaren esku dagoela dio EH Bilduk.

Astebetetik gora igaro da Larke 360 enpresak Azkaraten hondakinen planta egiteko Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailaren baimena jaso zuenetik. Eta ordutik, asko izan dira gaiaren bueltan hitz egin duten erakundeak, alderdi politikoak nahiz herritarrak.

Jaurlaritzaren baimena apirilaren 7an argitaratu zuten Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian, eta ordu gutxira iritsi ziren lehen erreakzioak. Udalean ordezkaritza duten alderdiek azalpenak eskatu zizkioten EAJren Udal Gobernuari, baita bozeramaileen batzordea egitea galdegin ere. Egun hartan bertan egin zuten bilkura udaleko nahiz Larke 360 enpresako ordezkariek, eta ordu gutxira, ohar bateratua kaleratu zuten EAJk, PSE-EEk eta Azkoitia Baik; EH Bilduk ez zuen sinatu testua. Bederatzi puntuko oharra kaleratu zuten, Azkaratekoa hondakin ez arriskutsuen kudeaketa planta izango dela azpimarratuz eta herritarrei lasaitasun mezua emanez.

Javier Zubizarreta alkateak ere oharra kaleratu zuen biharamunean. Hark lasaitasun mezua zabaldu nahi izan du, gunearen gaineko xehetasun batzuk emanda. Zubizarreta alkatearen arabera, Azkaratekoa zabortegia izango dela "modu interesatuan" zabaldu zen. "Eraikuntzan eta obretan sortutako hondakin ez arriskutsuak sailkatuko, eraldatuko eta berrerabiliko dituzte gune horretan, eta gunearen helburua birziklatzea eta berrerabiltzea da. Nor dago birziklatzearen eta berrerabiltzearen aurka?", galdetu zuen Azkoitiko alkateak.

Dena den, kezka eta haserrea izan dira nagusi herritarren artean. Horren erakusle dira joan zen ostegunetik, egunero, 21:00etan, egiten ari diren lapiko jotze jendetsuak. Gainera, Madariaga, Azkarate eta Izarraitz auzoetako hainbat bizilagunek Azkarate Garbi auzotarren taldea sortu dute, eta horiek atzo erregistratu zuten udalari egindako bilera eskaera udaletxean. Hala azaldu dio Koldo Hormaza auzotarrak. "Proiektuaren gaineko azalpenak emateko eta proiektuarekiko dugun aurkakotasuna adierazteko bilera eskatu diogu udalari, eta nahi duguna da alderdi politikoetako nahiz Azkarate Garbi plataformako kideak [auzotarrez gain, beste hainbat herritarrek ere osatzen dute taldea] bilera horretan izatea". Hark azaldu duenez, gaur-gaurkoz ez dute Udal Gobernuaren erantzunik jaso.

Hormazak dioenez, ez zuten halako gunerik eraikitzerik espero, eta baimena ematea “ezustekoa” izan da Azkarate inguruko auzoetako nahiz Azkoitiko bizilagunentzat: "Horren erakusle dira eguneroko lapiko jotzeak". Haren arabera, "deitu nahi dioten moduan dei diezaioketen" plantaren eraikinak kolokan jarri ditu inguruko bizilagunen oinarrizko proiektuak, eta esan du ez dutela nahi bigarren Zaldibarrik edo azkoitiarrentzat "oroitzapen tristeen" iturri den Oñederrik. "Herri honek ordaindu du hondakin ez arriskutsuen birziklatzeari dagokion kuota, baita beruna, zink-a eta molibdenoaren gisako hondakin arriskutsuak Oñederren lurperatzea ere. Zergatik aukeratu dute berriz ere Azkoitia guk sortzen ez ditugun hondakinak kudeatzeko?".

Plantaren gaineko eskumena duen erakundeak, "izan Azkoitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia edo Eusko Jaurlaritza", bizilagunei asmoen berri eman behar ziela azaldu du Hormazak. "Alarma egoeran, herritarrak etxean konfinatuta gaudela, Eusko Legebiltzarra martxan ez dela eta dena erdizka dagoela proiektua publiko egiteak esan nahi du norbaitek presa duela, eta gardentasunaren aurkako ekintza da; izan ere, gaia oso delikatua da, jokoan baitaude gure osasuna eta gure bizitzeko modua".

Udalaren isiltasuna "mingarria" dela ere salatu du Azkarate Garbi auzotarren taldeko Hormazak, joan zen ostiralaz geroztik ez baitu publikoki hitz egin: "Erakunde horrek bizilagunen ongizatea eta osasuna zaindu behar ditu, eta saiatu behar du herritarren bizitzak ahalik eta lasaienak izan daitezen lan egiten". Gaiaren aurrean, Azkoitiko Udalak hiru aukera dituela azaldu du: "Herritarren alde kokatu, ezer ez dakiela esan eta neutraltasunez jokatu edo auzo bat suntsitzearen trukean aberastuko den enpresa pribatu baten alde egin".

Azkarate inguruko bizilagunei hondakin guneak sor dezakeen kutsadurak eragiten die kezka, Hormazak adierazi duenez: "Azkaraten egin nahi duten plantaren gisakoek atmosferaren kutsadura, soinu inpaktu handia, metal astunen eta produktu kimikoen lixibiatuak sortzen dituzte, kamioien deskargak, hondakinak txikitzeak eta metalezko egiturak trinkotzea tarteko". Gainera, auzotarrek sortu duten taldeko kideek adierazi dutenez, dagoeneko hainbat lan egin dituzte hondakinentzako eremua egokituko duten eremuan: "Azken sei hilabeteetan makinak aritu dira lurra mugitzen, zuloak betetzen, eremuak lautzen eta hormigoitzen. Kamerak ere jarri dituzte, eta sarbideak ere egokituta daude. Hori dena udalaren baimenik gabe egin al dute?".

"Udal Gobernuaren esku"

Larke 360 enpresak iazko azaroan eskatu zuen ingurumen inpaktuaren ebaluazioa egitea, eta martxoaren 6an aurkeztu zion txosten hori Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak. Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian, berriz, hilabetera, apirilaren 6an kaleratu zuten gunea egokitzeko baimena.

Oraingoz, ez dago planta zabaltzeko data jakinik, baina hainbat zehaztapen jasota daude dagoeneko: urtean 200.000 tona hondakin jasoko dituzte bertan; eremuak 36.898 metro koadro izango ditu; eraikuntzako hainbat material jasoko dute bertan, hala nola plastikoa, adreiluak, teilak, zeramika, metalak, hormigoia, isolamendurako materialak nahiz amiantoa izan dezaketenak.

Larke 360 enpresak, oraingoz, Eusko Jaurlaritzaren baimena eskuratu du, baina orain Azkoitiko Udalari dagokio aktibitate ekonomikoa martxan jartzeko lizentzia izapidetzea. Hala azaldu du alkateak: "Udalak, orain arte, ez du ezertan ere esku hartu. Udalaz gaindiko gaia zen. Enpresa pribatu batek Eusko Jaurlaritzari aktibitatea martxan jartzeko baimena eskatu zion".

Azkoitiko EH Bilduk, baina, ez ditu ontzat hartu Zubizarretaren azalpenak. "Lizentzia eman besterik ezin duela egin adierazi du alkateak, eta hori ez da horrela. Arau subsidiarioan aldaketa ez egitea aukera dezakete". Koalizioaren arabera, "Udal Gobernuaren esku” dago proiektua gelditzea: "Azkarateko lur horiek ez dira urbanizagarriak gaur-gaurkoz, eta aldaketa horiek udalbatzak onartu behar ditu nahitaez”. Horri lotuta, herriari "egia" esateko eta hondakin guneari "planto" egiteko eskatu dio EH Bilduk Udal Gobernuari.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide