Baserritarren eta larunbatetako elikagaien azokak, berriro martxan

Maxixatzen.eus 2020ko api. 16a, 12:37
Argazkian, herriko baserritarrak azokan.

Azkoitiko Udalak jakinarazi du aurrerantzean baserritarren azoka martxan egongo dela eta baita zapatuetan izan ohi den elikagaien azoka ere. Hori bai, segurtasun neurriak "zorrotz" bete beharko direla ohartarazi du. 

Eusko Jaurlaritzak baimendu egin ditu aldi baterako etenda geratu ziren elikagai eta nekazaritzako eta abeltzaintzako produktuen zuzeneko salmentako merkatu eta azoka tradizionalak. Ondorioz, Azkoitiko Berdura Plazan euren produktuak saltzen dituzten baserritar eta ekoizleek berriro jarri ditzakete postuak. Larunbatetako azokari dagokionez, berriz, elikagaiak saltzen dituzten postuek ere baimena dute berriro salmentei ekiteko.

Betiere, segurtasun neurriak "zorrotz" bete beharko dituztela azpimarratu du udalak. Berdura Plazan pasabide batek banatu beharko ditu postuak eta sei metro egon beharko dute postutik postura. Lau metroko gutxieneko banaketa baimentzen da aldeen artean. Postu barruan saltzaileek, gutxienez, bi metroko tartea gorde beharko dute euren artean.

Etxez etxeko zerbitzua

Bederatzi baserritarrek eta ekoizlek etxez etxeko zerbitzua martxan jarri zuten Eusko Jaurlaritzak azokak bertan behera utzi zituenean. Berriz martxan, horietako bostek etxez etxeko zerbitzua ematen jarraituko dute. Zumetak, Santa Kutzek, Berastegi elkarteak, Erriberak eta Balentzixak eutsi egingo diote etxez etxe zerbitzuari. Hona hemen horiei buruzko informazioa:

  • Balentzixa: Maria Lurdes Olaizola ekoizleak arrautzak banatuko ditu erosleekin adostuta, Azkoitian eta Azpeitian. Harremanetarako, 943-85 33 18 edo 688 602 120 telefono zenbakira dei daiteke.
  • Berastegi elkartea: Edurne Ezenarro ekoizleak gazta banatuko du erosleekin adostuta, Azkoitia eta Azpeitia artean. Harremanetarako, 628 283 258 telefono zenbakira dei daiteke.
  • Erribera: Isabel Izagirre ekoizleak ardi esnekiak, arrautzak, lekaleak eta garaiko fruta banatuko ditu ostiral eta larunbatetan Azkoitian. Harremanetarako, 688 603 123 telefono zenbakira dei daiteke
  • Santa Kutz: Idurre Izagirre Igartua ekoizleak landareak eta ornamentalak banatuko ditu erosleekin adostuta, Azkoitian eta Azpeitian. Harremanetarako, 615 733 154 telefono zenbakira dei daiteke.
  • Zumeta: Arantxa Ulazia ekoizleak barazkiak eta arrautzak banatuko ditu erosleekin adostuta, Azkoitian. Harremanetarako, 628 751 531 telefono zenbakira dei daiteke.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide