Babes maskaren itxaron zerrenda luzeak farmazietan

Maxixatzen.eus 2020ko api. 16a, 09:00

Koronabirusak eta gabeziak ia luxuzko produktu bilakatu dituzte babes maskarak. Azkoitian lau farmazia daude Azpiazu, Gisasola, Viteri eta Mendiola. Horietako birekin hitz egin du Maxixatzenek, Gisasolarekin eta Mendiolarekin. Bietan maskaren itxaron zerrenda luzeak dituzte. Eskariei erantzuteko ahalegin guztiak egiten ari dira farmazietan, baina nahi eta behar beste ez dituzte jasotzen.

Babes maskarak eskuratzeko zain dituzten bezeroen itxaron zerrenda luzeak dtuzte Azkoitiko Mendiola eta Gisasola farmazietan. COVID-19 gaitza herrira iritsi aurretik, oso mugatua zen maskaren salmenta bertako botiketan. Azken hilabetean, ordea, egunek aurrera egin ahala, gero eta produktu preziatuagoa bihurtu dira maskarak, baita preziatu bezain urriak ere. Gutxi iristen zaizkie maskarak botiketara. Eta egunero-egunero ari dira bezeroen deiak eta eskaerak jasotzen, etengabe.

"Egun hauetan babes maskaren eskaera handia da, zerrenda bat daukagu, eta luzea da hori. Beste produktu batzuen eskaerak ere badauzkagu, baina zerrenda laburragoak dira horiek. Maskarez gain, gel desinfektatzaileak, alkohola, eskularruak eta termometroak ere faltan ditugu”, azaldu du Gisasola farmaziakoak.

Azken aste hauetan lanez gainezka daude farmazietan, eta eskaera guztiei nahi bezala ezin erantzunda dabiltza. "Babes maskara gutxi batzuk jaso ahala, itxaron zerrendakoei deitu behar diegu telefonoz. Beraz, horrek ere denbora asko eskatzen du. Gainera, ez kutsatzeko babes neurriak hartzeko farmaziaren barruan bi bezero baino gehiago ezin ditugu hartu, eta kanpoan ilarak sortzen dira. Egun hauetan jendea etorri eta etorri ari da farmaziara babes maskaren eta gainontzeko botiken bila", azaldu du Mendiola famaziakoak.

Dituzten babes maskaren eskariei erantzuteko ahalegin guztiak egiten ari dira farmazietakoak, baina behar eta nahi beste ez dituzte jasotzen. Hala dio Mendiola farmaziakoak: "Herenegun [asteartea] FPP2 babes mailako maskaren baliokideak diren ehun maskara jaso genituen eta 250, berriz, kirurgikoak. Aurreko astean, berriz, FPP2 babeseko 30 maskara besterik ez nuen lortu ekartzea, baina bakoitzak 10,35 euro balio zituen. Bezero batzuek garestiak zirela-eta kexatu zitzaizkidan, baina erositako prezioan saldu nituen". Eskariari erantzuteko asmoarekin, datorren asterako mila maskara eskatuta ditu Mendiola farmaziakoak, "baina ikusi egin behar bidaltzen dizkiguten". Bezeroek, batik bat, FPP2 babes mailako maskarak nahi dituztela diote farmazietakoek, baina jasotzen dituzten gutxi horietatik gehienak kirurgikoak dira. "Jendeak gehiago babesten eta irauten duten maskarak nahi ditu, ordea", esan du Gisasolakoak.

Nahi beste maskara eskatzeko aukerarik ez diete eskaintzen bezeroei bi farmazia horietan. Bi maskararen eskaera hartzen dute pertsonako egun hauetan. Gisasolakoek, baina, salbuespen batzuk egiten dituzte aurrez aurreko edota kutsatzeko arrisku gehien duten lanetan aritzen diren bezeroekin: “Hala nola, aurrez aurre pertsonekin lan egiten dutenei lau maskara erosteko aukera eskaintzen diegu”. Beren lanerako ere babes maskara gutxi batzuk dituztela dio Gisasolakoak: "Aurrez aurre ari gara jendearekin lanean, baina, guretzako ere nahi beste maskara ez dauzkagu. Esaterako, nik neure bat desinfektatzen jardun nuen herenegun. Labean sartu nuen 65 gradutan eta 20-25 minutuz eduki nuen. Badakit era horretan ez dela garbituko, baina birusak akabatuko dira. Gu ere maskarak berrerabiltzen ari gara".

Eskaerak bezala prezioak ere gora

Koronabirusarekin etorri den maskara gosea ez da, noski, Azkoitiko kontua bakarrik, ezta Euskal Herrikoa ere. Mundu osoan behar eta eskatzen dituzte maskarak, eta denentzat festa txarrik ez dagoenez, eskaerarekin batera aparrak bezala egin du gora produktuaren prezioak ere. Hornitzaileek bidalitako prezioetan saltzen ari direla adierazi dute bi farmazietakoek. Gisasolakoaren arabera, "biltegiak jarritako prezioan" saltzen dituzte babes maskarak, "ez dugu zentimorik ere igotzen prezioa". Baina babes maskaren prezioa gehiegizkoa dela uste du: "Neurriz gainekoa da material hori ordaintzen ari garena”. Iritzi berekoa da Mendiola farmaziakoa ere: "Iristen zaizkigun babes maskarak kostu prezioan saltzen ari gara. Garesti lortzen baldin baditugu, garesti saldu behar; hau da, erositako prezioan".

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide