Azkarateko hondakin gunea

EH Bilduk adierazi du "udal gobernuaren esku" dagoela Azkarateko hondakin gunearekin amaitzea

Maxixatzen.eus 2020ko api. 15a, 10:24
Hondakin gunea egitekoak diren lursaila.

Azkoitiko EH Bilduk ohar bidez azaldu du Azkaraten hondakin gunea egin ahal izateko herriko arau subsidiarioak "aldatu" behar direla, gunea egin behar duten lurrak ez direlako "urbanizagarriak". Halaber, Javier Zubizarreta alkateak egindako adierazpenak ez ditu "ontzat" hartu koalizioak, eta hondakin guneari "planto" egiteko eskatu dio.

Azkoitiko EH Bilduk ohar bidez jakinarazi du Azkaraten egitekoak diren hondakin gunea aurrera eraman ahal izateko Azkoitiko arau subsidiarioak "aldatu" behar direla. Azken egunetan "ahalik eta informazio gehien" biltzen aritu dela azaldu du EH Bilduk, eta gaia aztertu ondoren eman ditu azken azalpenak. Koalizioak, bestalde, nabarmendu du gaur gaurkoz Azkarateko lur horiek ez direla "urbanizagarriak", eta aldaketa horiek egin ahal izateko udal plenoak onartu behar dituela "nahitaez".

Horri lotuta, Javier Zubizarreta Azkoitiko alkateak azken egunetan egindako adierazpenak ez ditu "ontzat hartu" koalizioak. "Lizentzia eman besterik ezin duela egin adierazi du alkateak, eta hori ez da horrela. Arau subsidiarioan aldaketa ez egitea aukera dezakete; beraz, proiektua geratzea posible da", nabarmendu du. Herriari "egia" esateko eta hondakin guneari "planto" egiteko eskatu du EH Bilduk, horretarako behar diren arau subsidiarioak "ez aldatuz".

EH Bilduk, gainera, adierazi du hondakin gunea egitekoak diren lurretan "baimenik gabeko lanak egiten ari diren susmoa" duela. "Jasotako eta aztertutako informazioak hori ematen dute aditzera", adierazi du. Hori horrela bada, lanak "berehala eteteko" eskatu du EH Bilduk. Koalizioak jakitera eman du, bestalde, erregistroan eskaera ofiziala egin diola Azkoitiko alkateari, "berehala" lanen ikuskaritza bat egiteko eta baimenik gabeko lanak baleude horiek "gelditzeko" eskatuz. EH Bilduk, gainera, dagokionaren aurka hartu beharreko "neurri zuzentzaileak" hartzeko eskatu du. "Oso larria izango litzateke horrelako instalazio baten lanak baimenik gabe hastea; udalaren ardura da hori zaintzea eta lan horien gainean egotea", nabarmendu du EH Bilduk.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide