Azkarateko hondakin gunea

Azkarate Garbik azalpenak jasotzeko eta kezkak argitzeko bilera egitea eskatu dio udalari

Maxixatzen.eus 2020ko api. 14a, 12:30
Azkaraten egokitzen ari diren gunea.

Azkaraten egitekoak diren hondakin ez arriskutsuentzako plantak soka ekarri du herrira. Gaur, asteartea, Azkarate inguruko hainbat bizilagunek sortu duten Azkarate Garbi taldeak gutuna bidali du Maxixatzen.eus-era. Horiek gauzak egiteko erabilitako modua salatu dute, gunea egiteko baimena eman zuten berria prentsa bidez jakin zutelako. Azalpenak jasotzeko eta kezkak argitzeko bilera egitea eskatu diote udalari. Honako hau da taldeak kaleratu duen gutuna:

"Orain dela egun batzuk izan genuen auzoan hondakin ez arriskutsuen kudeaketarako instalazioa martxan jartzeko Eusko Jaurlaritzak emandako baimenaren berri. Berria gainontzeko alderdiei eta herritarrei bezalaxe, prentsaren bidez iritsi zitzaigun, aurretik inongo azalpenik jaso gabe. Egoera ikusirik, batetik konfinamendu egoera eta bestetik Zaldibarren gertatu berri dena, ez zaigu iruditu horrelako berri bat jasotzeko ez momentua, ezta era egokia ere.

Auzotar eta herritar bezala, etxe alboan izango dugunaren berri izateko eskubidea dugula uste dugu, eta horren berri prentsa bidez jasotzeak mindu egin gaitu. Orain dela ia urtebete hasitako tramitazioak direla eta instalazioak martxan jartzeko lanak ere orain dela hilabete batzuetatik abian direla kontuan izanik, udalak beharrezko azalpenak emateko eta zalantzak zein kezkak argitzeko denbora nahikoa izan duela uste dugu.

Udalak behin eta berriz esan du eraikuntzako hondakin ez arriskutsuak jasotzeko, eraldatzeko eta berrerabiltzeko zentro bat izango dela, baina aldizkari ofizialera jotzen badugu, bertan ikus daitezke behin eta berriz aipatzen diren hondakin arriskutsuak (kutsatutako lurrak, amiantoa duten hondakinak, metal astunak...), baita horien biltegiraketari buruzko datuak ere. Zer esanik ez aktibitatearen ondorioz sortuko den kutsaduraz: kutsadura akustikoa (zarata), airekoa (hautsa eta bertako makineriak eta kamioien joan etorriak sortutakoa), lurpeko uretan eragingo duena eta abar.

Gainera, badakigu askotan teoria eta praktika ez datozela bat. Ikusi besterik ez dago Zaldibarren gertatu dena. Era honetako aktibitateak enpresa pribatuen eskuetan uzteak ondorio larriak izan ditzake. Nola ziurtatuko da araudi guztiak bete eta beharrezko neurriak hartzen ari direla? Nor arduratuko da horretaz?

Guztia ezkutuan eta isilpean egiteak zer pentsatua ematen digu; izan ere, azken orduetan egin dituzten adierazpenetan adierazi duten bezain positiboa balitz, zergatik ez gaituzte aurrez informatu auzotarrak eta herritarrak? Ez gaude ados emandako azalpenekin, interesatzen zaien bertsioa kontatzeak eta beste hainbat xehetasun isilpean mantentzeak mesfidantza areagotu besterik ez baitu egiten, kezkak eta zalantzak argitu eta herritarrak lasaitu beharrean. Hori dela eta, udalarekin bilera bat egitea nahiko genuke ahal bezain pronto beharrezko azalpenak emateko eta zalantza guztiak argitu ahal izateko".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide