Gaur ere ez dute koronabirus kasurik zenbatu Azkoitian

Maxixatzen.eus 2020ko api. 12a, 13:28

Azkoitian ez dute beste koronabirus kasurik atzeman; guztira hamar lagunek eman dute positibo orain arte herrian. Beste zortzi koronabirus kasu detektatu dira azken orduetan eskualdean. Zumaian izan da hazkunde handiena, beste bost kasurekin; Zarautzen bi kasu berri izan dira, eta Orion bat.

Gaur, igandea, ez dute beste koronabirus kasurik zenbatu Azkoitian. Hamar dira orain arte koronabirusaren proban positibo emandako azkoitiarra. Halere, koronabirusak hedatzen jarraitzen du Urola Kosta eskualdean zehar. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gaur eguerdian emandako datuen arabera, beste zortzi kasu antzeman dituzte bezperako datuekin alderatuta. Zumaian izan da hazkunde handiena: 24 orduko epean beste bost kasu detektatu dituzte. Kontaketak hasi zituztenetik 43 zumaiarrek eman dute positibo koronabirusaren proban. Kostan detektatu dituzte beste hiru kasuak ere: bi Zarautzen —100 guztira—, eta bat Orion; orotara 15 kasu dituzte herri honetan. 

Eskualdeko beste herrietan ez da aldaketarik izan, eta zenbakiek bere horretan jarraitzen dute: hamar Azkoitian, zortzi Azpeitian, hiruna Aian, Getarian eta Zestoan; eta bi Aizarnazabalen. Beizaman eta Errezilen ez dute koronabirusaren kasurik izan orain arte.

Koronabirusaren kasuak kontatzen hasi zirenetik positibo eman duten bizilagunen datuak dira hauek. Ordutik batzuk sendatu dira, eta hil ere egin dira beste batzuk. Beraz, covid-19 gaitzagatik gaixo dauden bizilagunen kopurua ezin da jakin. 

14.741 kasu Hego Euskal Herrian

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, 14.741 bizilagunek eman dute positibo koronabirusaren probetan. Bezperako datuekin alderatuta, beste 399 kasu eman dira azken 24 orduetan. Hildakoak, berriz, 1.036 dira, bezperan baino 44 gehiago. Alde positiboa ere begiratu behar da, eta gorantz doa, baita ere, sendatu direnen kopurua. 5.517 lagun errekuperatu dira dagoeneko, bezperan baino 173 gehiago.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide