Testigantza bilketa egin eta jazarpen polizialei erantzuteko aholkularitza, Urola Erdian

Maxixatzen.eus 2020ko api. 11a, 11:49

Krisiaren Seme-alabak sare sozialistak testigantza bilketa eta jazarpen polizialei erantzuteko aholkularitza abiatu du Azkoitian, Azpeitian eta Zestoan.

risiaren Seme-alabak sare sozialistak Antolakuntzari salbuespenik ez! dinamikari ekin zion duela bi aste inguru, GKSk Euskal Herrian abiatutako Burgesiaren ofentsiba gelditu! kanpaina politikoarekin bat eginez. Orain, pauso berriak eman eta eskualdean, Azpeitian, Azkoitian eta Zestoan, hasiko dira erremintak antolatzen.

Testigantza bilketa jarri dute martxan; datozen asteetan ere testigantzak jasotzen jarraituko dute, baina era berean, beste lan ildo bati helduko diote. “Garai latzak ari gara bizitzen, eta are latzagoak izango dira etorriko direnak. Beraz, aurrerantzean defentsarako baliabideak herritarren eskura jartzeko ahalegina egingo dugu. Horretarako, oraingoz, jazarpen polizialei erantzuteko aholkularitza juridikoa eskainiko dugu”, esan dute.

Sustatzaileek azaldu dutenez, “egoera proletarizatuenean edo latzenean” dagoen jendearen testigantzak jaso nahi dituzte. “Oraingoz, testigantzen bitartez informazioa bildu eta herriko argazki orokor bat egitea da gure asmoa, eta horrekin interbentzio formak hausnartu edota kasu ezberdinak publikoki salatzea. Horretarako, lan-arloari, etxebizitzari, indarkeria matxistari edota kontrol sozialari lotuta, salbuespen egoerak kolpatutakoen bizipenak jasotzea nahi dugu”.

Testigantzak

Era askotako testigantzak jasoko dituzte. Hona hemen, atalez atal azalduta:

  • “Egungo egoeran lanaren gaineko esplotazioaren intentsifikazioa nola ematen den ikus dezakegu, izan osasun arloko langileengan, izan bizitzeko beharrezko materialak saltzen diren guneetan…”. Horri lotuta, lanbide horietan osasun irizpideak bete gabe lanean diharduten beharginen edo lanaren gaineko esplotazio baldintzak areagotu zaizkien pertsonen (plantilla berarekin ordu gehiago, plantilla murrizketak…) berri izatea nahi dute.
  • “Osasunari lehentasuna ematen omen dioten garaiotan, industria zein sektore ezberdinetako langileen osasun irizpideen gainetik kapitalaren etekin beharra jartzen da. Ekoizpena ez denez guztiz eten, lanera joatera behartuak ere ugari dira; egoera zaurgarrian dagoen jendea are egoera arriskutsuagoan uzten du horrek”. Zentzu horretan, laneko geldialdia eskatu eta mehatxatu dituzten langileen testigantzak edo osasun eta segurtasun irizpiderik gabe lanean dabiltzan pertsonen testigantzak jaso nahi dituzte.
  • “Erakundeek martxan jarri dituzten neurriek ez dute inondik inora balio kontraturik gabe lanean dabiltzan langileentzat, kaleratze irregularra jasan duten langileentzat edota bestelako batzuentzat”, diote. Horregatik, langile ordezkaririk gabe lanean dabiltzanek edota kontraturik gabe lanean zebiltzanek (tabernetako zerbitzariak, kale saltzaileak, banatzaileak…) bizi duten egoera zein den ere jaso nahi dute.
  • “Konfinamendu egoerak dakarren indarkeria matxista arriskua eta horri aurre egiteko oztopo eta zailtasunak emakume asko babesgabe egotera kondenatzen ditu: egunerokoan haien erasotzailearekin egotera behartzen ditu, hortik ateratzeko inolako erremintarik gabe”, azaldu dute. Horren harira, indarkeria jasaten ari diren emakumeen testigantzak ere jaso nahi dituzte.
  • Badira lanpostutik kaleratu dituztelako diru sarrerarik gabe gelditu direnak eta alokairua eta oinarrizko gastuak (ura, gasa, argia…) berdin-berdin ordaindu behar dituztenak ere. Kasu horiek jasaten dituztenen berri izan nahi dute.
  • Isunak edota gehiegikeria polizialak jasan dituztenen testigantzak ere batu nahi dituzte.

Aholkularitza juridikoa

“Bestetik, gaur egungo alarma egoerak ekarri duen salbuespen egoera politikoa dela eta, jendartearen oinarrizko eskubideak ezabatu eta polizia abusuak hazi egin dira”, erantsi dute. Bide horretan, beharrezkoa ikusten dute, testigantzak jasotzeaz gain, “babesgabeen dagoen eta polizia jazarpena jasan duen jendea babeserako erremintaz hornitzea”. Gauzak horrela, ondorengo kasuetan aholkularitza eskaintzen hasiko dira:

  • Osasun beharrak bultzatuta kalera atera eta poliziak jazarri duen jendea.
  • Kolektibo zaurgarriei laguntzeko kalera atera eta poliziak jazarri duen jendea.
  • Kolektibo zaurgarrien babesa antolatzeko kalera atera eta jazarpena jasan duen jendea.

Testigantzak bidaltzeko nahiz aholkularitza jasotzeko, 608 44 89 79 telefonora deitu edo krisiarentestigantzak@gmail.com helbidera idatz dezakete herritarrek.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide