Bederatzigarren koronabirus kasua zenbatu dute Azkoitian

Eusko Jaurlaritzak atzora arte emandako datuen arabera, bederatzi dira Azkoitian koronabirusagatik positibo emandako herritarrak.

COVID-19 gaitzarekin kutsatutako bederatzigarren herritarra zenbatu dute. Eusko Jaurlaritzak gaur eguerdian jakinarazi dituen datuen arabera, Azkoitian 9 dira koronabirus proban positibo emandakoak. Eskualdean, berriz, 169 lagunek eman dute positibo koronabirusaren krisia hasi zenetik. Hala, azken 24 orduetan, lau kasu berri atzeman dituzte eskualdean. Hiru kasu Zarautzen eta bestea Azkoitian. 

Honako hauek dira herriz herriko datuak: Zarautzen 93 positibo zenbatu dituzte, Zumaian 35, Orion 14, Azkoitian 9, Azpeitian 8, Getarian eta Zestoan hiruna, Aian eta Aizarnazabalen bina, eta Beizaman eta Errezilen bat ere ez. 

Dena dela, koronabirusaren krisia hasi zenetik positibo eman dutenetako hainbat sendatu dira dagoeneko, eta beste batzuk hil ere egin dira eskualdean. Beraz, ezin da jakin zehazki egun zenbat pertsona dauden gaixorik. 

Euskal Herrian 13.406 positibo

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 9.806 koronabirus kasu zenbatu ditu Osakidetzak, herenegun baino 354 gehiago. Guztira, 689 pertsona hil dira hiru lurralde horietan. Atzo, 51 pertsona hil ziren. Guztira 26.204 test egin dituzte, atzo 1.780, eta horietatik %21ek eman zuen positibo.

Nafarroan, berriz, 3.575 dira COVID-19 gaitzarekin kutsatutakoak eta 214 hildakoak. Hala, azken 24 orduetan, 108 positibo berri eta zortzi hildako zenbatu ditu Nafarroako Gobernuak. Guztira, 462 pertsonak hartu dute alta lurralde horretan. 

Euskal Herrian 13.406 gaixok eman dute positibo koronabirusaren proba eginda. 903 hil dira. COVID-19 gaitza izandako 4.976 pertsonari eman diete alta.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide