Baserritarren azoka, bertan behera

Maxixatzen.eus 2020ko api. 9a, 11:46

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak eman du azokak ez egiteko agindua. Ondorioz, ezingo da posturik jarri berdura plazan. Hori horrela, 'baserrikoplaza.eus' atari digitala sortu dute Azkoitian.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren aginduz, bertan behera gelditu dira aldi baterako elikagai eta nekazaritzako eta abeltzaintzako produktuen zuzeneko salmentako merkatu eta azoka tradizionalak. Ondorioz, Azkoitiko Berdura Plazako azokarik ere ez da egingo koronabirusak sortutako pandemia dela eta. Berdura Plazan postu finkoa duten saltzaileek soilik saldu ahal izango dituzte elikagaiak egoera leheneratu bitartean.

Eusko Jaurlaritzak distantzien eta babes neurri gehiagoren berri ere eman du. Besteak beste, pasabide batek banatu beharko ditu postuak, eta sei metro egon beharko dute postutik postura. Halaber, lau metroko gutxieneko banaketa baimentzen da aldeen artean. Postu barruan, berriz, saltzaileek gutxienez bi metroko tartea gorde beharko dute euren artean eta, besteak beste, eskularruak jarri beharko dituzte bezeroen eskura.

'Baserrikoplaza.eus' ataria

Baserritar eta hainbat eragileren artean COVID-19aren inguruko krisialdiari erantzuteko baserrikoplaza.eus atari digitala sortu dute Azkoitian. Asmoa da tokiko baserritar eta ekoizleek elikagaiak saltzea eta herritarrek elikagai horiek eskuratzeko dituzten zailtasunei aurre egitea. "Topagune honetan harremanak berreskuratzen ditugu, eta horien bidez baserritar eta herritarrontzat konponbide duina, osasuntsua, kolektiboa eta iraunkorra lortzen dugu", azaldu dute. Atari digital horretan era guztietako produktuak eskaintzen dituzte, hala nola esnekiak, haragia, lekak, fruta, ogia eta edariak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide