Haitz Munizioren musika, gaur #EtxetikMundura egitasmoan

Maxixatzen.eus 2020ko api. 7a, 13:51

20:00etatik aurrera ikusi ahal izango da Haitz Munizioren emanaldia Maxixatzen.eus-en. Etxean dituen biniloetatik batzuk aukeratu eta entzungai jarriko ditu gaurko saioan.

Haitz Munizio DJ azkoitiarra izango da protagonista gaur #EtxetikMundura egitasmoan. Etxetik eskainiko du emanaldia Muniziok, eta ikusgai izango da 20:00etatik aurrera Maxixatzen.eus-en. Etxean dituen biniloetatik batzuk aukeratu eta entzungai jarriko ditu gaurko saioan.

Sortzaileak eta herritarrak beren etxetik guztiontzat eta mundura egiten ari diren ekarpenekin egitasmoa osatzen ari da Urolako Komunikazio Taldea (UKT) koronabirusak eragindako konfinamendu egunotan. Azkoitiko sortzaileen emanaldi guztiak ikusgai daude Maxixatzenen webguneko #EtxetikMundura kanalean. 

Urolako Komunikazio Taldea osatzen duten gainerako hedabideek ere prestatu dituzte tokian tokiko emanaldiak. Karkararen, Baleikeren, Uztarriaren eta Zarauzko Hitzaren webguneetan ere izango dira saioak, eta den-denak ikusgai izango dira Urola Kostako Hitzaren eta Erlo Telebistaren webguneetan.

Koronabirusaren eraginez hartu du UKTk #EtxetikMundura egitasmoa martxan jartzeko erabakia; izan ere, duela hiru astez geroztik bertan behera utzita daude kultur emanaldi eta saioak. Sortzaileen jarduna etxeetara irits daitekeelakoan, baina, bideo bidezko formatuak erabiltzea erabaki du, sorkuntza herritarren etxeetara eramateko asmoz.

Tokian tokiko saioen iragarpenen zerrendetan agertzen ez diren sortzaileek ere izango dute egitasmoan parte hartzeko aukera. Horiek bideoak zuzendaritza@ukt.eus e-posta helbidera bidali besterik ez dute; edozein kultur adierazpenekin lotutako emanaldiak onartzen dira. Beraz, animatu eta bidali zuen bideoak!

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide