Elkarrizketa

Amaia Zubizarreta: "Harrera oso ona ari da izaten 'Bitartean, etxetik' telebista saioa"

Maxixatzen.eus 2020ko api. 7a, 16:19
Amaia Zubizarreta.

Amaia Zubizarreta (Azkoitia, 1964) ETB3ko 'Bitartean, etxetik’ saioko irakasleetako bat da. 6-8 eta 8-10 urte bitarteko haurrentzako matematikako klaseak ematen ditu. Irakaslea da lanbidez, eta Euskal Girotze Barnetegian egiten du lana Elgoibarko Aubixa baserrian. Telebistako eskolako saioak ematearen esperientzia “berri-berria” da Zubizarretarentzat, baina “oso polita”. Gustura dabil azkoitiarra zeregin horretan.

Elgoibarko Euskal Girotze Barnetegian egiten duzu lana. Zer dira Euskal Girotze Barnetegiak?

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak bost Euskal Girotze Barnetegi dauzka: Hondarribian, Barrian, Lemoizen, Elgoibarren eta orain Seguran dagoena; azken hori, urtea bukatzen denean, Zerainera lekualdatuko dute. Barnetegi hauetara toki askotatik etortzen zaizkigu ikasleak, lau eguneko egonaldiak egitera. Barnetegietan, pertsona oinarrian jarrita, hizkuntza lantzen dugu, euskara. Ez, ordea, euskara zuzentasunari-eta begiratuta. Lortu nahi duguna da ikasleek beraiek berez euskaraz hitz egitea helburu izatea. Hizkuntzaren inguruan hausnartzen dugu ikasleekin, jolas egiten dugu, erronkak jartzen ditugu… Gainera, baserri batean gaudenez, inguruko mendiak ezagutzeko aukera ere izaten dugu ikasleekin. Horrez gain, laguntza zerbitzua eskaintzen dugu eta kanpora begirako lana ere egiten dugu: ikastetxeetara joaten gara, udako Hik Hasiren ikastaroak ematen ditugu eta hainbat liburu ere osatu ditugu. Orain, barnetegietako metodologiaren inguruko liburua atera berri dugu, oso-oso polita da. Ni oso gustura nabil lan honetan.

Nolatan hasi zinen ETB3ko ‘Bitartean, etxetik’ saioan irakasle?

Mikel Juaristiren bidez etorri zitzaidan proposamena; nire ikasle ohia eta barnetegietan gurekin lan egindakoa da Juaristi. Konfinamenduan gauden honetan, etxean Internetez eskolak jasotzeko baliabideak falta zituzten ikasleentzako telebistako saio bat prestatzen ari zirela komentatu zidan Juaristik, eta ni han jarduteko aproposa ikusten ninduela. Hala, izena eman nuen, eta handik gutxira jaurlaritzako Hezkuntza sailburuordeak deitu zidan matematikako ikasgaia ematea proposatuz, ikasgai hori emateko inork ez zuela izena eman eta. Asteazken batean abisatu zidaten matematika eman behar nuela, eta ostiralean nuen lehen saioa grabatzeko hitzordua. Berritzeguneko erreferente bat ere jarri ziguten, eta hari deituta-eta moldatu nintzen lehen saioak prestatzeko. Barnetegietako Ane Larrinaga lankidearekin ere harremanetan jarri nintzen, eta bion artean oso erraz osatzen ari gara saioa.

Eskolak eman bai, baina aurrez aurre ikaslerik ez duzue. Nolakoak izaten dira kamera aurreko lanak?

Oso bat-batekoa izaten da dena. Basurtoko Herri Eskolan grabatzen ditugu saioak, hango ikasgela batean. Koronabirusaren kontuagatik, aurrean kamera eta soinu teknikari bana dauzkagu; ez dago beste inor guri gauzak zuzentzeko edota guk esandakoa ondo ulertu den esateko… Kamerako teknikoak beti “oso ondo” egiten dugula esaten digu, baina inolako filtrorik gabe irteten du guk egiten dugunak. Saioa grabatu eta bi egun barru eskaintzen dute telebistan. Grabatu eta eman egiten dute, ia astirik ez digu ematen zer egin dugun ikusteko ere. Berritzegunekoek ikusten dituzte saio denak, eta hurrengo saioetarako proposamenak egiten dizkigute: makalago hitz egiteko… Hori, baina, telebistan emititu ondoren esaten digute. Saio batean hala esan nuen; “Gu ez gara ez aktoreak eta ez artistak, gu irakasleak gara, eta zuekin ondo pasatu nahi dugu”. Guretzako lehenengo aldia da esperientzia hau eta ahalik ondoena egiten dugu. Nire lagun batek esaten didan bezala: “Igoal, besteren batek hobeto egingo du, baina zuek egin egin duzue”. Beraz, guk hobeto edo okerrago, baina egin egin dugu. Proposatu ziguten, izena eman genuen eta egiten ari gara, eta bene-benetan gustura gaude.

Telebista saioaren esperientziarekin gustura al zaude?

Oso esperientzia polita izaten ari da, oso-oso polita. Ez dakigu, baina, noiz arte jarraituko dugun. Euskal Girotze Barnetegiko nire lankideak gure berezko lanerako gauza berriak prestatzen ari dira egun hauetan, eta ni, bitartean, telebistako saioak grabatzen ari naiz. Larrialdi egoera honetan, egunean egunekoa egiten ari gara denok ere, eta ez dakit lan hau noiz artekoa izango dudan. Denbora eskatzen du saioa prestatzeak, Azkoititik Bilboraino joateak eta grabazioak berak. Baina gu ahalegintzen ahalik eta kalitate oneneko saioak egiten. Jaso ditugun kritikak nahiko onak dira, eta horrek poza ematen du. Orain, pena bat daukagu. Aste honetan hiru egunetan grabatuko dugu saioa, eta Pazko Astean ezin dugu joan grabatzera. Gure lanean oporrak dauzkagu ,eta Eusko Jaularitzak ezin digu baimena eman langile gisa Basurtora lanera joateko. Ondorioz, orain moztu egingo da saioaren emisioa.

Joan den astean hasi zen Bitartean, etxetik saioa. Badakizue zer nolako harrera izaten ari den?

Harrera oso ona izaten ari da. ETBkoek audientzia eta harrera oso ona izaten ari dela esan ziguten. Hala pentsatu nuen nik neure artean: “Noski, oso harrera ona... ETB3k sekula ez duela horrelako audientziarik eduki? Normala. Umeak normalean ordu horretan eskolan egoten dira, eta etxean daude orain. Beraz, audientzia ona edukitzea oso erraza da”. Baina, gero, Azkoitian ere antzeman dut hori. Jendeak balkoietatik jarduten dit deiadarka: “Amaia, ikusi zaitugula telebistan!” eta “politte da, euskaraz gainera”. Amama direnak-eta esaten dizkidate horrelakoak balkoietatik. Whatsappez mezuak bidaltzeko telefono zenbaki bat daukagu, eta hara umeek oso gauza politak bidaltzen dizkigute: bideoak, audioak, aho korapiloak, asmakizunak, argazkiak… Lehenengo saioa eman ondoren, ia 300 mezu-edo jaso genituen. Era horretan, gu eta saioaren ikusleen artean Interakzio izugarria dago.

Amaia Zubizarreta, 'Bitartean, etxetik' telebistako saioa grabatzen.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide