Familiarekin harremana izateko modu berria

Urola Kostako Hitza 2020ko api. 7a, 15:11

Konfinamendua hasi zenetik, adineko herritar asko etxean daude, COVID-19 gaixotasunetik babesteko. Egoera berriaren ondorioz, familiarekin hartu-emana zaildu zaie kasu askotan. Azkoitiko senar-emazte batzuen esperientzia irakur daiteke hemen.

Etxetik ez ateratzeko aginduak guztiz baldintzatu du herritar guztien bizimodua, baina bereziki eragin die adinekoei eta arrisku-taldeetako herritarrei, COVID-19 gaixotasunarekin ez kutsatzeko ahalik eta zorrotzen bete behar dutelako konfinamendua. Adinekoen errealitatea ezagutzeko eta etxekoekin harremanetan nola jartzen diren jakiteko, Urola Kostako Hitzak hainbat familiarekin hitz egin du.

Bilobengandik urrun

Ostiralean, telefono deia amaitzera zihoazenean, 4 urteko bilobak esan zion: "Asko maite zaitut amama". Emozioak gain hartu zion 79 urteko Itziar azkoitiarrari. Martxoaren 10etik ez dituzte alabak eta bilobak ikusi berak eta Jexux Mari senarrak. 86 urte ditu azken horrek, eta ordura arte bizitza normala zeramaten. Itziarrek alabarenean igarotzen zituen astean bizpahiru egun, bilobak zaintzen laguntzeko. Jexux Marik egunero egiten zuen elizarako joan-etorria, bat gutxienez, bai meza entzuteko, bai hango abesbatzan kantatzeko. Realaren eta Anaitasunaren partidak ere beti ikusten zituen, txuri-urdinena etxe ondoko tabernatik, eta herrikoena (mutilena eta neskena) Txerloira bertaratuta.

Aurreneko astea arraro samar pasa ondoren, egoera berrira moldatzen saiatu ziren denen artean. Erabaki zuten Itziar bakarrik aterako zela etxetik ogia eta egunkaria nahiz bestelako enkarguak egitera. Hala ere, elizak ateak itxi zituen arte ez zuten lortu Jexux Mari etxean gelditzerik.

Alaben kezka nagusia zen itxialdiarekin batera itzaltzen joatea gurasoen bizitzeko grina eta sasoia. Hortaz, etxeko lanak jarri zizkieten: egunero pasilloan ordu erdiz ibiltzea, gutxienez (Jexux Mari ordu eta erdi ibiltzen da), iluntzero ateratzea balkoira auzokoekin batera txalo jotzera, eta egunero abesti bat prestatzea, iluntzean bilobei abesteko telefonoz. Internetik, whatsappik eta halakorik gabe, telefonoa baitute komunikazio bide bakarra.

Asteak joan, asteak etorri, umoretsu jarraitzen du bikoteak, baina inoiz baino gehiago ari dira etorkizunean pentsatzen, imajinatzen hau dena amaitutakoan nola joango diren asteburu pasa denak elkarrekin eta nola ospatuko duten itxialdiak bertan behera utzitako biloben urtebetetzea.

Jarraitu erreportajea irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide