Bozeramaileen batzordea egitea eskatu dute EH Bilduk eta Azkoitia Baik

Azkoitian hondakinak kudeatzeko gune berri bat eraikiko dutela eta, kezka agertu dute oposizioko bi alderdiek. EH Bilduk eta Azkoitia Bai herri plataformak gaur bozeramaileen batzordea egitea eskatu diote Udal Gobernuari. PSE-EEk, bestalde, "ezinegona" azaldu du.

Azkoitian eraikuntza hondakinak kudeatzeko gune bat eraikiko dutela eta, "kezka" agertu dute udaleko oposizioko alderdiek, eta EH Bilduk eta Azkoitia Bai herri plataformak gaur bertan bozeramaileen batzordea egitea eskatu diote Udal Gobernuari.

Azkoitiko EH Bilduk azaldu duenez, koalizioak gaur jaso du gunea egingo dutela zioen berria. "Zabortegiak metal astunak jasotzeko aukera izango du, hala nola kobrea, alumunioa, beruna eta zinka, baita amiantoa ere", azaldu dute koalizioko kideek. Lehen unetik "oso kezkatuta" daudela eta "gaia aztertzen" ari dela azaldu dute: "Gaia oso larria da, eta gertutik ari gara jarraitzen".

Hondakinen gunearen lehen berria gaur jaso izana salatu du Azkoitia Bai herri plataformak ere. "Udal Gobernuak bazekien lehendik zerbaitetan ari zirela, baina guk ez", azaldu dute plataformako kideek. Gainera, horiek zalantzan jarri dute udalak gune hori eraikitzearen aurka zerbait egiterik izango duen, eraikitzeko baimena Eusko Jaurlaritzak eman duelako. Halere, gunea ez eraikitzeko "ahal den guztia" egingo dutela adierazi dute Azkoitia Baiko kideek.

Alderdi sozialistaren "ezinegona"

PSE-EE ere kexu agertu da, berria "prentsaren bitartez" ezagutu dutelako. Javier Zubizarreta alkateak gaiaren inguruan emandako pausoak ez zaizkio "zintzoak" iruditu alderdi sozialistari. "Alkateak informazioa eman behar zigun, lehentasunezko bazkideak baigara udalean. Halere, uste dugu gainerako alderdi politiko guztiek ere izan behar zutela gaiari buruzko informazioa", gaineratu dute. Hondakinen kudeaketaren gaian Azkoitian "sentisibilitate handia" dagoela azaldu du PSE-EEk, eta horrelako egoera batek "herri guztiari" eragiten diola. "Ezinegona" erakustearekin batera, alkateak gaia ez duela "behar bezala" eraman adierazi du alderdi sozialistak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide