Aberri Eguna balkoietan ospatzeko deia egin dute

Maxixatzen.eus 2020ko api. 6a, 09:33

12:30ean balkoietara ateratzeko deia egin dute Euskal Herriko 27 pertsona ezagunek. Ikurrinak eta Nafarroako banderak balkoietara ateratzera animatu dituzte herritarrak. Lehenik, minutu bateko isilunea gordeko dute hildakoen omenez, eta gero, Txoriak txori abestuko dute.

Apirilaren 12an Aberri Eguna izango da, eta beste hainbat ekitaldiri bezala, egun horri ere eragingo dio konfinamenduak. Hori dela eta, Euskal Herriko 27 pertsona ezagunek, Euskal Herria Batera izena hartuta, Aberri Eguna balkoietan ospatzera deitu dute. Ikurrinak eta Nafarroako banderak balkoietara ateratzera animatu dituzte herritarrak, eta elkarrekin abesti bat abestuko dute. 12:30 izango da balkoietara ateratzeko unea: lehenik, ordu horretan minutu batek isilunea gordeko da hildakoen omenez, eta gero Txoriak txori kantatuko dute, gaixotasunaren aurkako auzolanean harrotasuna eta aurrera egiteko indarra azaltzeko. Irratietan kanta hori jartzeko eskatuko dute.

Gainera, Aberrieguna.eus webgunea prest da jada elkartasun mezuak jasotzeko. Mezu horiek batu eta datorren igandean sare sozialetan zabalduko den mosaiko erraldoi bat osatuko dute. Era berean, nahi duen eragile orori atxikitzeko gonbidapena egin die. Horrez gain, norbanakoen atxikimenduak jasotzeko adierazpen bat lantzen ari direla ere iragarri dute.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide