Koronabirusaren kasu positibo bat gehiago atzeman dute Azkoitian

Maxixatzen.eus 2020ko api. 5a, 14:45

Atzotik gaur artean, COVID-19 gaitza duen kasu positibo berri bat hauteman dute Azkoitian; ondorioz, zazpi herritarrek daukate gaitza. Urola Kosta eskualdean hamar positibo gehiago dira; beraz,147 herritar dira eskualdean gaitza dutenak, Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera.

Atzotik gaurrera COVID-19 gaitza duten hamar kasu positibo berri atzeman dituzte Urola Kosta eskualdean. Eusko Jaurlaritzak jakitera eman dituen azken datuen arabera, dagoeneko 147 dira gaixotasun hori dutenak eskualdean. Koronabirus kasu berri bat Azkoitian atzeman dute. Ondorioz, gaur arteko datuak kontuan hartuta zazpi herritarrek dute gaitza Azkoitian.

Zarautz da koronabirus kasu gehien duen eskualdeko herria, 80 lagunekin; azken orduetan sei kasu positibo atzeman dituzte udalerri horretan. Zumaian beste kasu bat gehiago atzeman dute; guztira, 33 herritarrek dute gaitza. Azpeitian, berriz, bi kasu positibo hauteman dituzte azken orduetan, eta guztira, zortzi herritar dira koronabirusarekin gaixo daudenak herri horretan.

Eskualdeko gainerako herrietan ez da gorabeherarik izan. Hau da, atzotik gaurrera ez dute kasu positibo berririk atzeman Orion (hamar kasu positibo), Getarian (hiru kasu), Zestoan (hiru kasu), Aian (bi kasu) eta Aizarnazabalen(kasu positibo bakarra). Beizaman eta Errezilen, berriz, oraingoz ez dute baieztatu kasurik. Horiek dira betiere Jaurlaritzak helarazitako datu ofizialak; izan ere, gehiago izan daitezke benetan gaixorik dauden herritarrak.

11.701 kutsatu Euskal Herrian

Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak kaleratutako azken datuen arabera, dagoeneko 11.701 lagun daude kutsatuta eta 693 hil dira gaitzaren eraginez. Atzotik hona, beste 542 kasu positibo atzeman dituzte, eta 45 heriotza berri zenbatu. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, atzotik gaur bitartean koronabirusean positibo eman dute 441 pertsonek. Denera, 8.628 kasu positibo zenbatu ditu Osakidetzak hiru lurralde horietan. 38 hildako gehiago izan dira koronabirusagatik azken orduetan Araba, Bizkai eta Gipuzkoan.

Lurraldeka, berriz, Bizkaia da COVID-19ak gehien astindu duen lurraldea, 4.489 gaixoturekin eta 242 hildakorekin; Araban 2.639 lagunek dute gaitza, eta 194 herritar dira hildakoak; Nafarroan 3.073 kutsatu zenbatu dituzte, eta 178 dira hildakoak; eta Gipuzkoan 1.500 dira gaixoak eta 79 pertsona hildakoak. Ipar Euskal Herriko datu zehatzik ez dago.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide