#EtxetikMundura

'Etxe txiki, infernu handi' film laburra, Etxetik Munduran

Maxixatzen.eus 2020ko api. 4a, 20:00

Etxe txiki, infernu handi film laburra dago ikusgai, gaur, 20:00etan, Etxetik Munduran Maxixatzen.eus-en. Txintxarri lokaleko gazteek egin dute, 2017ko andramaixetako film lehiaketara aurkeztutako lana oinarri hartuta.

2017ko andramaixetako film laburren lehiaketarako aurkeztutako Herri txiki, infernu handi parodia lana berreskuratuta, Txintxarri lokaleko gazteek Etxe txiki, infernu handi film laburra egin dute gaurko #EtxetikMundura saiorako. Zuhaitz Gurrutxagak eta Mikel Pagadik egiten duten lana umorearekin antzeztuz, herriko hainbat lagun ezagun bisitatuko dituzte. Gurrutxagak eta Pagadik Azkoitian izan ziren aurreko aldian ezagututako protagonistek konfinamendu egoera nola bizi duten ezagutuko dute gaurko saioan. 20:00etatik aurrera dago ikusgai Maxixatzen.eus-en.

Urola Komunikazio Taldeko (UKT) tokiko gainerako hedabideetan beste hainbat saio ikusi ahal izan dira gaur. Baleike.eus-en Joseba Egaña txistulariak saioa eskainiko du, eta Zarauzkohitza.eus-en Bixente Martinez musikariak.

Koronabirusaren eraginez hartu du UKTk #EtxetikMundura egitasmoa martxan jartzeko erabakia; izan ere, duela bi astez geroztik bertan behera utzita daude kultur emanaldi eta saioak. Sortzaileen jarduna etxeetara irits daitekeelakoan, baina, bideo bidezko formatuak erabiltzea erabaki du, sorkuntza herritarren etxeetara eramateko asmoz.

Tokian tokiko saioen iragarpenen zerrendetan agertzen ez diren sortzaileek ere izango dute egitasmoan parte hartzeko aukera. Horiek bideoak zuzendaritza@ukt.eus e-posta helbidera bidali besterik ez dute; edozein kultur adierazpenekin lotutako emanaldiak onartzen dira. Beraz, animatu eta bidali zuen bideoak!

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide