Positibo berririk ez Azkoitian

Maxixatzen.eus 2020ko api. 3a, 15:56

Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, sei pertsonak dute COVID-19 gaitza herrian. Guztira, 132 dira kutsatutako Urola Kostako herritarrak.

COVI9-19 gaixotasuna hedatzen ari da eskualdean, eta gero eta gehiago dira koronabirusaren atzaparretan erortzen ari direnak. Eusko Jaurlaritzak eman dituzten azken datuen arabera, hamazazpi positibo berri baieztatu dituzte Urola Kostako herrietan, eta dagoeneko 132 dira COVID-19 gaitza dutenak.

Zarautz da koronabirus kasu gehien duen eskualdeko herria, 73 lagunekin; azken orduetan sei kasu berri baieztatu ditu Jaurlaritzak. Zumaian 31 lagunek dute gaitza; atzotik gaurrera zazpi kasu berri atzeman dituzte. Azpeitian bi kasu berri baieztatu dituzte, eta guztira sei dira gaixotutakoak. Bestalde, Orion eta Zestoan kasu berri bana baieztatu dituzte; hala, Orion, bederatzi dira COVID-19ak jotako bizilagunak, eta Zestoan bi.

Gainerako herrietan ez da gorabeherarik izan. Azkoitian sei dira gaixorik dauden herritarrak; Getarian, hiru lagun; Aian, bi lagun; eta Aizarnazabalen, Beizaman eta Errezilen oraingoz ez dute baieztatu kasurik. Horiek dira Jaurlaritzak helarazitako datu ofizialak, baina gehiago izan daitezke benetan gaixorik dauden herritarrak.

10.663 kutsatu Euskal Herrian

Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak kaleratutako azken datuen arabera, dagoeneko 10.663 lagun daude kutsatuta Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, eta 595 hil dira gaitzaren eraginez. Atzotik hona, gainera, beste 664 kasu positibo atzeman dituzte, eta 52 heriotza berri zenbatu.

Lurraldeka, berriz, Bizkaia da COVID-19ak gehien astindu duen probintzia, 4.024 gaixoturekin eta 205 hildakorekin; Araban 2.447 lagunek dute gaitza eta 176 dira orain arte hildakoak; Nafarroan 2.836 kutsatu eta 151 hildako zenbatu dituzte; eta Gipuzkoan 1.356 dira gaixoak eta 63 hildakoak. Ipar Euskal Herriko datu zehatzik ez dago, baina jakin ahal denez, bi hildako berri izan dira azken orduetan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide