Etxean, baina sasoian

Maxixatzen.eus 2020ko mar. 31a, 13:05

Herriko kirolariak ezohiko egoerara moldatu dira, halabeharrez. Ez da gauza bera etxean edo kalean entrenatzea, baina jarraitu egin behar. Beren esperientziak kontatu dituzte Maialen Sudupe igerilariak, Jon Unanue harri-jasotzaileak, Jone Zabaleta korrikalariak eta Intza Lizarazu saskibaloi jokalariak.

Maialen Sudupe: “Sekula ez naiz egon horrenbeste denbora urik ukitu gabe”

"Egia esan, dezente aldatu zait egunerokoa. Lehen, egunero joaten nintzen igerilekura, eta orain, justu horixe da egin ezin dudana. Dena dela, etxean egunero ari naiz entrenatzen. Batetik, kardioa lantzen saiatzen naiz zintan korrika eginez edo bizikleta estatikoan ibilita; eta bestetik, taldeko entrenatzaileak egunero proposatzen dizkigu indarra lantzeko ariketekin osatutako zirkuitoak. Etxean jardutea ez da erraza, ez gaudelako ohituta, baina zentzu horretan, zorteduna naiz, beste bi ahizpak ere igerilariak direlako eta hirurok batera entrenatzen dugulako. Horrela errazagoa da. 

Sekula ez naiz egon horrenbeste denbora urik ukitu gabe, eta berriz igerilekura itzultzen naizean, antzemango dut hori. Igerian hori gertatzen da, egun batzuetan ibiltzen ez bazara, asko antzematen dela, eta itxialdia luzatzen doan heinean, are gehiago. 

Konfinamendua ezarri zuten asteburuan Euskal Herriko Txapelketa jokatzekoak ginen, eta egia esan, taldearentzat txapelketa garrantzitsua zen hura, baina bertan behera utzi zuten. Apirilak 1etik 5era, berriz, Espainiako Txapelketa neukan Sabadellen (Herrialde Katalanak), eta txapelketa hori zen nire denboraldiko helburu nagusia, horretarako prestatzen ari nintzen. Momentuz, hori jokatzerik ere ez dut izango eta ez dakidana da aurrerago aukerarik izango dudan. Litekeena da txapelketa egitea, baina soilik olinpiar jokoetara begira, baina horiek ere atzeratu egin dituztenez, ez dakit zer gertatuko den".

Jon Unanue: "Pentsatu beharko dugu kirolari guztiok gaudela egoera berean"

"Konfinamendua hasi aurretik astean bitan joaten nintzen gimnasiora, beste egunen batean mendira eta beste bi egunetan harri jasotzen aritzen nintzen etxean. Entrenamenduak egoerara egokitu behar izan ditut, gimnasiora eta mendira joaterik ez daukadalako, baina harriak etxean dauzkat eta horiekin berdin-berdin jardun naiteke; alde horretatik, badaukat zorte pixka bat. Pisu batzuk ere badauzkat eta horiekin ere ari naiz, eta bizikleta estatikoan ere ibiltzen naiz. Astean jaiegun bat edo beste hartzen dut, baina egunero samar ari naiz zerbait egiten. Dena dela, itxialdiak niri ere eragingo dit sasoian, etxean ditudan baliabideekin ezin dudalako beharko nukeen bezala entrenatu. Sasioari eustea lortzen badut, ondo. Bere txarrean, pentsatu beharko dugu kirolari guztiok gaudela egoera berean. 

Marka pertsonal bat egitea daukat buruan eta hori prestatzen ari nintzen, harri handietako lau jasotzea. Apirilean edo maiatzean egiteko asmoa nuen, baina ez dut egiterik izango, eta ikusiko dugu gero zer gertatzen den. Hitz emanda nituen erakustaldi batzuk ere bertan behera ere geratu zaizkit dagoeneko, adibidez, Loiolako festetan egitekoa nintzena, eta datorren hilaren hasierarako neukan beste bat ere bai. 

Konfinamendua bukatzen denetik aurrerako erakustaldiek eta txapelketek bere horretan jarraituko dutela uste dut. Nik, normalean, urtearen bukaera aldera izaten diren txapelketetan parte hartzen dut, harri handiekin ibiltzen bainaiz, eta pentsatu nahi dut ordurako gauzak bere onera itzuliko direla". 

Jone Zabaleta: "Korrika egiteko zinta erosi behar izan dut"

"Egunero ari naiz entrenatzen, eta asti gehiago daukadanez, egunean bi saio ere egiten ditut, dena sasoiari eusteko helburarekin, hobetzea zaila izango baita. Izan ere, etxean, dauzkadan baliabideak dauzkat, eta horietara egokitu behar izaten ditut entrenamenduak. Batetik, kardioa lantzeko, arrabolan ibiltzen naiz, baina bizikletan ibiltzea eta korrika egitea ez dira gauza bera. Bestetik, indarra lantzeko ariketa egiten ditut, pisuak, barrak eta horrelakoak badauzkadalako. Beste herri batzuetan badakit hainbat kirolariri herriko kiroldegiko zintak eta ergometroak utzi dizkietela etxean entrenatu daitezen, eta nik ere zinta bat uzteko eskaera egin nion Azkoitiko Udalari, baina ezezkoa erantzun zidan. Beraz, azkenean erosi egin behar izan dut eta hura iristeko zain nago.

Egia esan, koronabirusaren kontuak denboraldia hankaz gora jarri dit. Berez, lehiari begira, apirila, maiatza eta ekaina izaten dira niretzat hilabeterik garrantzitsuenak, horietan izaten ditudalako lasterketarik gehienak eta inportanteenak. Aurten, ordea, ez dakit zer gertatuko den, apirileko eta maiatzeko lasterketa guztiak bertan behera utzi dituztelako eta ekaineko batzuk ere bai. Dagoeneko badakigu lasterketa horietako batzuk aurten ez direla egingo, baina beste txapelketa batzuk atzeratu egin dituzte eta beranduago egingo dira, babesleengatik-eta egin beharra daudelako. Dena dela, oraindik ez dakigu ezer garbirik". 

Intza Lizarazu: "Jokatzeko genituen partida guztiak lehiatzea eta irabaztea zen helburua"

"Ari naiz ariketa fisikoa egiten, ahal den moduan, baina bai, egunero tarte bat eskaintzen diot. Etxean bizikleta estatikoa daukat eta horri erabilera ematen ari naiz. Gainera, gomak, pisua eta abar ere baditut eta gaitz erdi, indarra lantzeko ariketak egiteko behintzat.

Orain garrantzitsuena etxean egotea da eta osasuntsu mantentzea. Egia da astean lau entrenamendu eta partidua jokatzetik egunero etxean egotera pasatzea ez dela batere erraza. Momentu hauetan egun osoko antolaketak garrantzi handia dauka eta egunero jarduera fisikoa egiteak. 

Denboraldia amaitzeko bost partidu geratzen zitzaizkigun edo zaizkigu. Oraindik ez digute ezer esan, baina badirudi luze joko duela gai honek. Jokatzeko genituen partida guztiak lehiatzea eta irabaztea zen helburua eta ilusio horrekin geunden; denboraldia ahalik eta sentsazio onenekin amaitu nahi genuen. Baina, momentuz, etxean jarraituko dugu ariketa fisikoa egiten, eta espero dugu lehenbailehen buelta ematea egoera honi".

 

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide