Enara izan da asteko garailea Egunean Behin jokoko Maxixatzenen taldean

Maxixatzen.eus 2020ko mar. 30a, 09:35

Martxoaren 23tik 29ra arteko astean, 533,25 puntu bildu ditu Enara lehiakideak, eta hark jasoko du Maxixatzenek astero banatuko duen saria: Ogi-Berri gozotegian gosaria. Denboraldiko irabazlea, berriz, Mamo lehiakidea izan da, 2.140,28 puntu bilduta. Joseba jatetxean bi lagunentzako afaria irabazi du hark. Irabazleek Maxixatzenekin jarri behar dute harremanetan.

Izatez, atzo bukatzen zen Egunean Behin jokoaren hirugarren denboraldia, baina jokoa garatu duen Codesyntax enpresak beste astebetez luzatzea erabaki du, konfinamendu egoera dela eta. Dena den, Maxixatzenek denboraldi hasierarako egin zuen plangintza tarteko, komunikazio taldearen lehia bukatu da dagoeneko; aste honetan ez du saririk banatuko Maxixatzenek.

Hala eta guztiz, beste bi sari ditu banatzeko: aurreko asteko irabazlearena eta denboraldiko garailearena. Martxoaren 23tik 29ra Enara izan da nagusi, 533,25 puntu batuta. Hark Jausoro auzoan dagoen Ogi-Berri gozotegian gosari bat irabazi du.

Bestalde, Maxixatzenen taldeko denboraldiko jokalaririk onena Mamo izan da, eta hark Joseba jatetxean bi lagunentzat afaria eskuratuko du. Bai batak eta bai besteak maxixatzen@maxixatzen.eus helbidera mezua idatzi beharko dute izen-abizenak adierazita edo 943-85 36 17 telefono zenbakira deitu. Hala eta guztiz, koronabirusaren pandemia dela eta, aurrerago jaso beharko dituzte irabazleek sariak.

Denboraldia hasi zenetik, goraka joan da astez aste Maxixatzenen taldeko parte-hartzaile kopurua. Guztira, 688 lagun aritu dira lehian talde horretan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide