Osasun zerbitzuekin harremanetan jarri nahi duten herritarrek anbulatoriora deitu beharko dute aurrerantzean

Maxixatzen.eus 2020ko mar. 29a, 12:32
Azkoitiko anbulatorioaren kanpoaldea.

Goierri eta Urola Garaiko Osakidetzaren Erakunde Sanitario Integratuak atzo hartu zuen neurria, eta alarma egoera indarrean den bitarterako telefono bidezko zerbitzua eskainiko dute. Herritarrek Azkoitiko anbulatorioko 943-00 76 10 telefono zenbakira deitu beharko dute zalantzak argitzeko eta dituzten beharrei erantzutea eskatzeko, eta telefonoguneko profesionalek artatuko dituzte horiek.

Goierri eta Urola Garaiko Osakidetzaren Erakunde Sanitario Integratuak (ESI) zalantzak argitzeko eta herritarrei erantzuteko zerbitzua jarri zuen martxan atzo, larunbata. Osakidetzaren tokian tokiko zerbitzuak berrantolatzeko hartutako neurrietako bat izan da hartu dutena, eta aurrerantzean, osasun zerbitzuekin harremanetan jarri nahi duen orok bere herriko anbulatoriora deitu beharko du lehendabizi. Telefonogune batera bideratuko dute herritarra, eta bakoitzari nola jokatu azalduko diote zerbitzuko langileek.

Hori dela eta, deia egingo duten herritarrei osasun txartela eskura izatea gomendatu die Osakidetzak, datuak eskatuko baitizkiote. Egunero izango da martxan telefono zerbitzua, astegunetan nahiz jaiegunetan, eta Azkoitiko bizilagunek anbulatorioko 943-00 76 10 telefono zenbakira deitu beharko dute. Neurria martxan izango da alarma egoera bertan behera utzi bitartean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide