Mikel Iraeta musikariaren doinuak, gaur Etxetik Mundura saioan

Maxixatzen.eus 2020ko mar. 27a, 13:09
Mikel Iraeta izango da gaur Etxetik Mundura saioan.

20:00etan izango da #EtxetikMundura saioa ikusgai, Maxixatzen.eus-en.

Mikel Iraeta musikari azkoitiarrak berak sortutako doinuak eskainiko ditu gaur, ostirala, #EtxetikMundura saioan. 20:00etan ikusi ahal izango da emanaldia Maxixatzen.eus-en.

Datozen egunetan, berriz, #EtxetikMundura egitasmoan parte hartuko duten sortzaileak gehiago izango dira, eta emanaldi guztiak 20:00etan hasiko dira.

Urolako Komunikazio Taldea (UKT) osatzen duten gainerako hedabideek ere prestatu dituzte tokian tokiko emanaldiak. Karkararen, Baleikeren, Uztarriaren eta Zarauzko Hitzaren webguneetan ere izango dira saioak, eta den-denak ikusgai izango dira Urola Kostako Hitzaren eta Erlo Telebistaren webguneetan.

Koronabirusaren eraginez hartu du UKTk #EtxetikMundura egitasmoa martxan jartzeko erabakia; izan ere, joan zen asteaz geroztik bertan behera utzita daude kultur emanaldi eta saioak. Sortzaileen jarduna etxeetara irits daitekeelakoan, baina, bideo bidezko formatuak erabiltzea erabaki du, sorkuntza herritarren etxeetara eramateko asmoz.

Tokian tokiko saioen iragarpenen zerrendetan agertzen ez diren sortzaileek ere izango dute egitasmoan parte hartzeko aukera. Horiek bideoak zuzendaritza@ukt.eus e-posta helbidera bidali besterik ez dute; edozein kultur adierazpenekin lotutako emanaldiak onartzen dira. Beraz, animatu eta bidali zuen bideoak!

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide