Udal zergak eta tasak ordaintzeko epea ekainaren 1era arte luzatu dute

Maxixatzen.eus 2020ko mar. 27a, 12:07

Gipuzkoako Foru Aldundiak aldatu egin du egutegi fiskala, koronabirusak eragindako krisia tarteko. Hala, udal tasak eta zergak ordaintzeko epea ekainaren 1era arte luzatu dela  jakinarazi du Azkoitiko Udalak. Era berean, Ondasun Higiezinen Gaineko zerga, kontribuzioa, ordaintzeko epea atzeratu egin dute.

Koronabirusaren pandemiak eragindako osasun eta ekonomia krisia tarteko, Gipuzkoako Foru Aldundiak aldatu egin du egutegi fiskala, dekretu bidez. Onartu dituzten foru arauaren arabera, epealdi honetako zergen eta tasen ordainketa ekainaren 1era arte luzatuko dela jakinarazi du Azkoitiko Udalak. Alegia, martxoaren 14tik aurrera ordaindu beharreko tasak eta zergak ordaintzeko epemuga ekainaren 1era bitartekoa izango da.

Azkoitiko Udalaren zerga egutegiari dagokionez, epemuga horrek besteak beste, ibilgailuen gaineko zergari eragiten dio. Gainerako udal tasa eta zergen ordainketa epealdia ere ekainaren 1ean amaituko da.

Ondasun Higiezinen Gaineko Zerga, abuztuaren 1etik irailaren 15era

Horrez gain, foru arauak jasotakoaren arabera, aldaketa eman da Ondasun Higiezinen Gaineko Zergaren edo kontribuzioaren kasuan. Zerga hori abuztuaren 1etik irailaren 15era bitartean ordaindu beharko da, eta ez aurreikusitako daten barruan, alegia, maiatzaren 15etik uztailaren 1era artean.

Ordainagiriak helbideratuta dituztenen kasuan, aurrerago jakinaraziko dituzte kobrantzen data zehatzak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide