Xabier Beristain: "Arabara joan nintzenean txoko pila bat ezagutu nituen"

Maxixatzen.eus 2020ko api. 2a, 08:55
Xabier Beristain.

Arabako mendiei buruzko webgunea kaleratu berri du Xabier Beristain Aizpuru ‘Aizbe’-k (Azkoitia, 1982). Geografiako Gradu Amaierako Lanerako proposamena proiektu bihurtu du azkoitiarrak. Euskara hutsean egin du webgunea, eta bertan Arabari buruzko informazio orokorraz gain, lurralde horretako 39 gailurretara iristeko 30 mendi igoerari buruzko informazioa bildu du arabakomendiak.eus helbidean.

Webgune berria kaleratu duzu. Nolatan?

2008an, Ingenieritza Teknikoko ikasketak amaitu nituenean, DBHko eta Batxilergoko teknologia irakasle hasi nintzen lanean. 2014an, ordea, lanarekin uztartu asmoz, Geografiako graduan eman nuen izena. Gainera, Gasteizera joan nintzen bizitzera. Gradu Amaierako Lanean proposatu nuen Arabako mendiei buruzko webgunea egitea. Lan asko hartuta, orain dela hilabete bat argitaratu nuen webgunea.

Nola iritsi zara Arabako mendiei buruzko webgunea sortzera?

Gasteizen goizez lanera joaten nintzen, eta arratsaldez unibertsitatera. Ahal nuen guztietan mendira joaten hasi nintzen, mendian oso gustura ibiltzen bainaiz. Horrela, Arabara joan nintzenean txoko pila bat ezagutu nituen. Gipuzkoarrok eta bizkaitarrek Pirinioetara edota Europako Mendietara joateko ohitura dugu, baina ez hainbeste Arabako mendietara. Orain dela gutxira arte uste nuen Araba Gasteiz eta lautada besterik ez zela. Hara joan eta han mugitzen hasita, ohartu nintzen laua izatetik urruti, oso menditsua zela eta Gipuzkoan baino mendi gehiago daudela. Gainera, oso txoko desberdinak eta ederrak dira. Lankide batekin hasi nintzen hara eta hona joaten. Pentsatu nuen: gustatuko litzaidake mendien berri ematea. Unibertsitaterako lanaren bitartez, horrela hasi nintzen proiektu honekin.

Zer ikusiko du erabiltzaileak webgunean?

Atari arrunta da; informazioa era desberdinean eta euskara hutsean eskaintzeko asmoarekin dago sortua. Webgunean sartuta, Araba nabarmentzen duen Euskal Herriko mapa bat ageri da, eta bi botoi daude: aurkezpena, jarri behar zelako, eta informazio orokorra. Azken botoi horretan Arabako lurraldeari buruzko informazio atala dago. Topografiari, landaretzari, hidrografiari eta geologiari buruz irakur daiteke bertan. Bestalde, Arabako maparen gainean klikatuta, mendi bakoitzari buruzko informazioa dago ikusgai. Mendi bakoitzaren gainean klik eginda, berriz, bost aukera baino ez daude. Lehenean, mendira joateko bidegurutzeak markatuta dituen dokumentua ageri da, ez galtzeko eta paperean inprimatuta eramateko modukoa. Bigarrena, "jende profesionalagoarentzat" da, Wikiloc  bidezko  mapa  hain  zuzen. Hirugarren aukera orientazioa gustuko duenarentzat da: mendiaren ibilbidea bideoz grabatuta ageri da. Laugarren eta bosgarren aukeretan, aldiz, hainbat argazki eta mendiaren inguruak eskaintzen dituen proposamenak jaso ditut.

Zer nolako mendiak daude Araban?

Araba oso ederra da, mendi eta txoko politak ditu. Edozeinek egiteko moduko ibilbideak daude, ez baitira oso teknikoak. Eta ez daude oso masifikatuta; leku lasaiak dira, lasaiegiak agian. Arabako mendiek, gainera, badute berezitasun bat: Gipuzkoan eta Bizkaian ez bezala, Araban hiru klima desberdin daude; horregatik, mendiak oso desberdinak  dira. Araba iparraldeko mendiak Gipuzkoakoak eta Bizkaikoak bezalakoak dira, baina hegoaldeko mendiek mediterranear giroko landaretza dute. Zeharo desberdinak dira elkarren artean.

Zein helbururekin sortu duzu webgunea?

Asmoa zen Araba  ezagutzera ematea, hain ederra izanda ez baitu merezi duen aitorpenik. Hasiera batean, Gipuzkoako eta Bizkaiko bizilagunei ezagutaraztea zen asmoa. Gero ohartu nintzen arabar asko eta batik bat gasteiztarrak hiriburutik ez direla irteten, eta askok ez duela Araba gehiegi ezagutzen. Gipuzkoako mendietara joateko ohitura dute, baina ez hainbeste Arabakoetara.

Noiz amaitu zenituen webguneko lanak?

Iaz amaitu nuen webgunea. Hasiera batean Google edo gisa horretako plataformak saihestuz aurkezten ahalegindu nintzen, baina zailtasun handiak izan nituen atariak ondo funtziona zezan. Horregatik, sei-zazpi hilabetean, ezer egin gabe egon nintzen, baina azkenean Google Siten bitartez egin nuen.

Lan erraza izan al da?

Erraza ez da izan, ordu asko eskaini dizkiot eta, baina gustukoa izan da. 30 mendi ibilaldi dira, eta bakoitzera bizpahiru aldiz joan naiz. Mendiaren ibilbidea GPS bidez jartzeko, ibilbidea ondo egin behar izan dut. Argazkiekin ere izan ditut komeriak; argazkiak atera eta etxera joandakoan gustukoak ez nituela ikusten bainuen.

Euskara hutsean egin duzu ataria, gainera.

Arabako informazioaren bila hasita, gehien-gehiena gazteleraz dago. Inork imaginatzen al du Parisera joan eta informazio guztia ingelesez edo atzerriko beste hizkuntza batean aurkitzea? Parisen frantsesez egiten da. Araban euskaraz egiten den heinean, euskarak presente egon behar du; baita Interneten ere. Araban euskaltzale asko dago, egunero euskararen alde lan handia egiten duena. Webgune honekin neure ekarpen txikia egin nahi izan diot Arabari.

Zer-nolako harrera izan du herritarren artean?

Uste baino askoz hobea. Emozionatu ere egin naiz, pentsa. Ataria publiko egin eta hilabetera 2.200  erabiltzaile  baino gehiagok bisitatu zuten webgunea. Egunero sartzen naiz datuak begiratzera. Datu onak dira; oso motibatuta nago. Whatsappez eta sare sozialen bidez ere webgunearen lotura zabaltzen aritu naiz. Arabako euskaltzaleen taldeetan bolo-bolo ibili da.

Mendiei buruzko informazioa aurkitzeko hutsunea dagoela uste al duzu?

Mendiei buruzko informazio asko dago, webgune oso onak baitaude. Baina kasu askotan informazioa topatzea korapilatsua eta nekeza da. Ahalik eta informazio gehien eta modu argienean aurkezten ahalegindu naiz, formatu desberdinetan eta euskara hutsean. Helburu horrekin egin dut proiektua.

Beste proiekturik ba al duzu esku artean?

Baditut ideiak buruan. Hemen inguruan zerbait egitea pentsatu izan dut, baina beste formatu batekin eta bestelako gauzak sartuz. Horretarako, gai zehatz batzuetan adituak diren eta baliabideak dituzten pertsona batzuekin kontaktuan jarri naiz, eta proiektua bideragarria ikusten badugu eta dirulaguntza jasotzen badugu, gustura ekingo diogu proiektuari. Ikusiko dugu zer ateratzen den.

Zer zailtasun aurkitu dituzu bidean?

Era guztietako abenturak izan ditut. Mendira joan eta gurutzera igota ere egon naiz basurdea gertu entzunda. Galduta ere ibili naiz behin baino gehiagotan. Zailtasun informatikoak ere izan ditugu. Denbora eskatzen du horrelako lan batek.

Inoiz pentsatu al zenuen atzera egitea?

Bai, ez dago zalantzarik. Lanean eta unibertsitatean hainbat ordu sartuta joaten nintzen mendira. Askotan pentsatu izan dut bizitza gehiegi konplikatzen ari nintzela, baina aldi berean, hainbeste eman didan Arabari webgune hau eman nahi nion.

Beste inoren laguntzarik jaso al duzu?

Bai. Azkoitiko Gaizka Alberdik webgunea programatzen eta Ihintza Urainek geologia atalarekin lagundu zidaten, beste batzuen artean. Bien lana eskertzeko modukoa izan da proiektuan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide