Boluntarioa

Ibon Errazu: “Boluntarioen lanik gabe, herri batek ezin du herri izan”

Maxixatzen.eus 2020ko mar. 28a, 11:00
Ibon Errazu.

16 urte zituenetik da boluntarioa Ibon Errazu Uria (Azkoitia, 1979). Gurutze Gorrian, suhiltzaile lanetan nahiz inguruko kultur taldeetan dago murgilduta azkoitiarra. Argazkilaritzari ekin zion duela urte batzuk, eta egun herri kirolak zein kultur ekintzak argazki bidez izozten ditu horien berri herri komunikabideetan eman dezaten. Boluntario izatea nola ikusten duen azaldu du.

Zergatik hasi zinen boluntario bezala?

Laguntzea gustatzen zait, eta normalean, norbaitek laguntza eskatzen badit, baietza ematen diot. Aberasgarria da boluntario lana, asko ikasten delako bizitzaz. 16 urte nituela hasi nintzen boluntario Gurutze Gorrian. Jardun horrek bide bat markatu dit, baina beste arlo batzuetan eta beharra dagoen lekuetan jo dut atea.

Asko ematen al dizu boluntario lanak?

Bai. Beharra duenari lagunduta, norbere burua asebete edo gogobete egiten da; bizitza ikusteko eta ulertzeko beste ikuspegi bat ematen du boluntario lanak. Tristeak diren kontuak ikusten dira askotan. Errealitate hori ikusita ohartzen zara jendea zeinen itsu bizi den.

Nola ikusten duzu boluntariotza?

Boluntarioak badaude gaur egun, eta arlo desberdinetan, baina gizartean badago boluntarioa inozotzat hartzeko nolabaiteko joera. Lanaren truke derrigor dirua jaso behar dela pentsatzen du jendeak. Azken belaunaldiek boluntariotza  horrela ikusten dutela uste dut, eta boluntario kontua isilik daramala askok. Bestelako ikuspuntua ere badago, ordea. Guk boluntario bezala egiten dugun lana posible da batzuetantzat lanbide izatea. Badut ikuspuntu hori, baina boluntarioen lanik gabe herri batek ezin du herri izan. Azkoitia bera adibide hartuta, ez gara ohartzen pilotalekuak, errepideak eta beste hamaika kontu auzolanean eginda daudela. Kultur eta gizarte batek egin du hori, eta jendeak ez daki guztia lan egiteko modu horretatik datorrenik. Gaur egun, tartean behin azaltzen diren boluntarioak badaude, baina oso tartean behin. Gainera, ardurak hartu nahi dituen gazte gutxi dago.

Egoera horretara iristeko zerk huts egin du?

Bizitzaren ziklo bat da. Egun, ez da beharrik ikusi boluntarioa izateko. Auzolana betidanik bizi izan duen pertsonak laguntza ematen du. Gaur egungo lanbide asko boluntario lanak ziren lehen. Eguneroko lanerako langile profesionalak behar dira, noski, baina baita boluntarioen lana ere. Gaur egungo gazteek, ordea, ez dute horrelako egoerarik ezagutu, eta hori izan daiteke egun boluntario gutxiago egoteko gakoetako bat. Guztiok zerbaitetan boluntario lana egingo bagenu eta trukean ezer jaso ez, gizarte askoz hobea, osasuntsuagoa, aberatsagoa eta pozgarriagoa izango genuke.

Zein arlotan ibiltzen zara egun?

Orain, Gurutze Gorrian aritzen naiz boluntario, zerbitzu eta formazio arloan, ikastaroak ematen. Herri kiroletan-eta, gainera, argazkiak ateratzen ditut.

Eta zein da zure lanbidea?

19 urte egiterako suhiltzaile sartu nintzen, boluntario bezala. Azpeitian suhiltzaile boluntarioak zeuden orduan. 23 urterekin, ordea, nire lanbide bilakatu zen. Harrezkero, suhiltzaile aritu naiz, urte batean izan ezik. Gurutze Gorrian, berriz, boluntario izaten jarraitzen dut hasi nintzenetik.

Pasadizo gogorrak ikusiko zenituen urte hauetan guztietan.

Denetik ikusi dut lanean, bai: istripu gogorrak, sute handiak, erreskate zailak... Ohitu egiten da bat. Gurutze Gorriko lanak irakatsi egin dit; suhiltzaile lanak, berriz, asko lagundu dit. Zaila da gertaera gogorrekin ahaztea. Jakin behar da lanetik irtendakoan lana albo batera uzten; gau txar bat edo beste izaten da, ordea. Halere, nahikoa ondo eramaten dudala uste dut. Herri kirol saioetara joatea ere gustatzen zaizu. Betidanik gustatu izan zaizkit, baina herri kirolen plazaratzea aldatu egin da. Herritik datoz, baina auzo mailan egiten ziren apustuetatik errekor saiakeretara edo txapelketara pasatu dira herri kirolak. Kirol txiroa da, baina geurea. Sekulako meritua dute kirolariek. Bakarkako kirola da, gogorra eta bizitzeko beste gutxiri ematen dio.

Egoera ez da nahi zenukeen bezalakoa, ezta?

Garbi ikusi dut herri kirol mundua indartu nahian ari direla, baina ez dutela zabaltzea lortzen. Beste kirol bat da, baina besteen aldean laguntza gutxiago jaso du. Babes gutxi eman zaio, eta laguntza hori gabe, ez dago aurrera egiterik. Badago tristura bat horren inguruan.

Trikiti munduan ere murgilduta zaude.

Azpeitiko San Josetako jaialdia antolaketa taldean murgilduta nago, baita Trikigiro elkartean ere. Urola Erdiko trikitiari buruzko dokumentala egiten ari gara: erromeria tokiak, auzo edo herri mailan trikitilari eta pandero jotzaileak... Ikusi dugu datuak eta grabazioak galtzen ari direla. Datu bilketa bat egin nahi dugu, eta horretan ari gara. Ea aurten amaitzen dugun lana. Liburua, dokumentala eta grabaketak jasoko ditu proiektuak.

Asko eman dizu trikitiak, ezta?

Sarritan kanpora edo telebistara begira jartzen gara, baina trikitiarekin hemen izan dugun altxorra sekulakoa da. Laja, Epelde, Landakanda, Iturbide... Afari batzuetan elkartu izan naiz beraiekin, baina egin duten lana balioan jarri gabe nengoen. 60ko hamarkadara atzera egin eta horiek guztiek egin zutena ikusiko bagenu, handia litzateke. Ea egiten ari garen proiektu honek trikitilari horiek guztiek egindako lana ikustarazteko balio duen. Garrantzitsua da eta jaso egin behar da.

Argazkilaritza zure pasioetako bat izango da.

Bai. Urrategi auzoko jaiak antolatzen hasi ginenean jabetu nintzen gutxi ematen zela auzoetako festen berri. Egunkarietara bidaltzen hasi nintzen argazkiak, ikusi bainuen bidaliz gero agertu egiten zirela. Hor hasi zen nire harremana kamerarekin. Ez naiz sekula buruan pentsatutako argazkiak ateratzera joaten. Reflex kamera erosi eta harekin hasi nintzen herri kiroletako argazkiak-eta ateratzen. Bestalde, argazki zaharren artxiborik ez dagoela ohartu naiz. Hutsune handia dago hor ere.

Herrietako komunikabideekin ere kolaboratzen duzu.

Erromeria eta herri kirol saioen argazkiak ateratzeko batzuk deitu egiten didate. Ondoren, etxera etorri eta beste ordubeteko lana izaten dut, baina argazkiak bidaliz  gero,  gustura  hartzen  dituzte.  Uste  dut herri  mailan  aberatsa  dela  horien  berri  ematea. Konpromisoa ere bada joango naizela agindutakoan, baina ondo pasatzen dut zeregin horretan.

Zure egunek 24 ordu baino gehiago izan behar dituzte egiten duzun guztirako.

Batzuetan 48 ordu  eskatzen dizkidate lan horiek guztiek. Guztiaren gakoa da antolatzea. Ezetz esan behar denean ezetz esaten jakin behar da. Azken urteak horrela daramatzat, eta nire bizitzeko era dela esango nuke. Ingurukoak ez dira harritzen dagoeneko. 

Martxoko Maxixatzen aldizkarirako egindako elkarrizketa.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide