'Berdintasunaren bidean' erakusketa Interneten jarri dute Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiaren antolatzaileek

Maxixatzen.eus 2020ko mar. 26a, 16:45

Larunbatean ziren egitekoak proba, baina koronabirusa dela eta, bertan behera utzi zuten duela aste parea. Data berria jarrita dute jada: irailaren 19a. Lasterketaren bueltako egitasmoak ere bertan behera utzi dituzte, tartean iazko edizioko irudiekin osatutako argazki erakusketak. Dena den, Interneten jarri dituzte Alberto Beloki argazkilariaren 82 argazkiak ikusgai.

Izatez, etzi, larunbata, egin behar zuten Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiaren XXVII. edizioa, baina koronabirusaren krisia dela eta, data atzeratzea erabaki dute haren antolatzaileek. Hain zuzen ere, haiek duela egun batzuk jakinarazi zutenez, irailaren 19an egingo dute proba entzutetsua. Lasterketa ez ezik, haren bueltako egitasmoak ere bertan behera utzi dituzte maratoi erdiaren sustatzaileek; tartean, Berdintasunaren bidean erakusketa. Hala eta guztiz, konfinamendu egoera tarteko, 2019ko probako Alberto Belokiren hainbat irudi Interneten jarri dituzte ikusgai.

Argazkilariak ateratako 82 irudirekin osatu dute on line erakusketa, eta Azkoitia-Azpeitiaren antolatzaileen arabera, irailean jarriko dute erakusketa Azpeitiko Sanagustin kulturgunean eta Azkoitiko Torre Zuri aretoan. Dena den, iraila iritsi bitartean, Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiaren Facebookeko orrialdean izango dira ikusgai erakusketako irudi guztiak. Honako hau da orri horren esteka.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide