Erniarraitzeko bertsolariak puntu-erantzunetan ariko dira gaur, #EtxetikMundura saioan

Maxixatzen.eus 2020ko mar. 26a, 12:42

Ohiko moduan, 20:00etan hasita ikusi ahal izango da hamasei bertsolarik puntu-erantzunetan osatu duten bertso katearen bideoa. Datozen egunetan ere izango dira #EtxetikMundura egitasmoaren barruko emanaldiak.

Erniarraitz bertsozale elkarteko hainbat bertsolarik eskainiko dute gaur, osteguna, #EtxetikMundura egitasmoaren barruko saioa. Ohiko moduan, 20:00etan hasita ikusi ahal izango da hamasei bertsolarik puntu-erantzunetan osatu duten bertso katearen bideoa. Honako hauek dira saioan parte hartuko duten Azpeitiko, Azkoitiko nahiz Errezilgo bertsolariak: Julene Iturbe, Jon Gurrutxaga, Eder Iturralde, Jon Ander Iriondo, Xabier Aldalur, Jokin Uranga, Oihana Labiano, Beñat Lizaso, Eneritz Artetxe, Jokin Sudupe Pio, Iñaki Tolosa, Irati Artetxe, Silvia Etxaniz, Ugaitz Beristain, Odei Labiano eta Naia Arrizabalaga.

Urolako Komunikazio Taldea (UKT) osatzen duten gainerako hedabideek ere prestatu dituzte tokian tokiko emanaldiak. Karkararen, Baleikeren, Maxixatzenen eta Zarauzko Hitzaren webguneetan ere izango dira saioak, eta den-denak ikusgai izango dira Urola Kostako Hitzaren eta Erlo Telebistaren webguneetan.

Koronabirusaren eraginez hartu du UKTk #EtxetikMundura egitasmoa martxan jartzeko erabakia; izan ere, joan zen asteaz geroztik bertan behera utzita daude kultur emanaldi eta saioak. Sortzaileen jarduna etxeetara irits daitekeelakoan, baina, bideo bidezko formatuak erabiltzea erabaki du, sorkuntza herritarren etxeetara eramateko asmoz.

Tokian tokiko saioen iragarpenen zerrendetan agertzen ez diren sortzaileek ere izango dute egitasmoan parte hartzeko aukera. Horiek bideoak zuzendaritza@ukt.eus e-posta helbidera bidali besterik ez dute; edozein kultur adierazpenekin lotutako emanaldiak onartzen dira. Beraz, animatu eta bidali zuen bideoak!

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide