Maite Lizarazu: "Ez nekien koronabirus gaitza izateak zer zekarren berarekin"

Maxixatzen.eus 2020ko mar. 26a, 10:00

Koronabirusa zuela baieztatu zioten duela egun batzuk Maite Lizarazuri (Azkoitia, 1996). Logelan bakartuta dago positibo eman zuenetik. Bere osasun egoerak onera egin du dagoeneko. Arduraz eta tentuz jokatzeko eskatu die herritarrei.

Noiz hasi zinen sintomekin?

Martxoaren 16an hasi nintzen sukarrarekin. Aurretik, bi egun neramatzan alergia sintomekin: dokinistikuak, muki-jarioa... Udaberria izanik, ez nien sintoma horiei garrantzia handiegirik eman. Hala ere, bizi genuen egoerarekin, gertu izaten nuen termometroa. Gorputzaldi okerragoarekin esnatu nintzen egunean ohartu nintzen sukarra nuela. Ordurako berrogeialdia hasia zen, eta sintomak hasi aurreko azken bi egunak etxean sartuta eman nituen.

Zer sintoma izan dituzu?

Ez dut sukar alturik izan: gehienera jota, 37.9 gradukoa izan dut hiru egunez. Dena den, sukarraz gain, buruko min handia eta giharretako mina izan dut. Neke sentsazio nabarmena, orokorrean. Azpimarragarriena, ordea, usaimena eta dastamena guztiz galtzea sentitzea egin zait. Nik ez dut ez eztulik, ez arnasa hartzeko arazorik izan.

Noiz eta non egin zizuten koronabirusaren proba?

Sukarrarekin hasi eta berehala jarri nintzen familiako medikuarekin kontaktuan. Koronabirus kasua izatea posible zenez eta nire gertuko kontaktuen artean osasungintzako langile bat bazenez, proba egitea erabaki zuen. Medikuarekin hitz egin eta 24 ordura, babes-neurri guztiak hartuta etorri ziren bi erizain etxera. Eztarritik lagin bat hartzean datza proba. Etxekoengandik babesteko eskularruak eta maskarillak utzi zizkidaten erizainek.

Nolakoa izan zen proba egin arteko prozesua?

Sukarrarekin hasi nintzenean, logelan bakartzeko erabakia hartu nuen, medikuari deitu eta proba egin bitartean etxekoak ez kutsatzeko. Proba egin eta emaitzaren zain eman nuen eguna ere modu berean pasatu nuen, baina erizainek emandako eskularruak eta maskarillak erabiltzen hasi nintzen gelatik komunera joateko. Gainera, komuna sakon desinfektzen genuen erabiltzen nuen bakoitzean. Jatorduak ere logelan egiten nituen.

Noiz baieztatu zizuten positibo eman zenuela?

Proba egin eta 24 ordura, telefonoz baieztatu zidaten hartutako laginaren emaitza positiboa zela.

Etxean egon zara bakartuta. Zenbat egun daramatzazu egoera horretan?

Oraingoz, etxean nago bakartuta, sintoma arinak ditudalako. 11 egun daramatzat egoera honetan, eta beste hiru egun egin behar ditut hamalau eguneko itxialdira iristeko. Gero ere, medikuek esandakoaren arabera emango ditut pausoak.

Gogorra egin al zaizu bakartze egoera?

Bi aste luzez lau paretaren artean egotea nekeza dela ez dut ukatuko, baina pozik nago egoera sintoma arinekin pasatu dudalako. Birusa ez hedatzeko, beharrezko neurri guztiak hartzea da garrantzitsuena, eta egin beharreko gauza bakarra horiek betetzea baldin bada, gaitzerdi! Dena den, gaur egungo teknologiei esker, askoz ere errazagoa da etxekoekin nahiz ingurukoekin komunikatzea.

Familiakoek zer protokolo segitu behar izan dute zuk positibo eman ostean?

Kontaktuan egon naizen familiako kide guztiak berrogeialdian daude sintomekin hasi nintzen egunetik. Etxean egon behar dute uneoro, ezin dute kalera atera.

Zertan eragin dizu bakartuta egoteak?

Etxetik ari nintzen lanean estatua larrialdi egoeran sartu zenetik. Beraz, bakartzeak ez zidan aldaketarik eragin arlo horretan. Etxekoekin nituen eta etxekoek zituzten harremanak izan dira aldatu diren gauza bakarrak; izan ere, haiekin nuen kontaktu fisikoa galdu dut isolatuta nagoelako eta beraiek ezin dute etxetik irten. Halere, mugikorrari eta ordenagailuari inoiz baino zuku gehiago ateratzen ari naiz.

Beldurrik sentitu al duzu prozesu honetan?

Egia esan, ez nekien koronabirus gaitza izateak zer zekarren berarekin. Informazio uholde honetan, ez nekien teoriaren eta errealitatearen arteko desberdintasuna zein izango zen. Gaztea naizenez, osasuntsu nagoenez eta arnas-aparatuko arazorik ez dudanez, sintoma arinekin pasa ditut egunak, baina, hala ere, errespetu osoz egin diot aurre gaitzari. Ingurukoak kutsatzeko beldurra sentitu dut.

Koronabirusaren beldur den horri zer esango zenioke?

Arduratsua izateko eta zentzuz jokatzeko eskatuko nioke. Etxean gelditzea da eskatu diguten neurri bakarra, eta horixe da kutsadura saihesteko neurririk onena. Bete dezagun esaten digutena zorrotz, normaltasunera ahalik eta azkarren itzul gaitezen.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide