Bulego taldeko Tomas Lizarazuk kontzertua eskainiko du gaur #EtxetikMundura saioan

Maxixatzen.eus 2020ko mar. 25a, 12:14
Tomas Lizarazu, #EtxetikMundura saioan.

20:00etan izango da #EtxetikMundura saioa ikusgai, Maxixatzen.eus-en. Bestalde, gaur hasita asteazkenero, Lizarazuk euskal kantu baten bertsioa egingo du saiorako.

Konfinamendua arintzeko kontzertutxo bat eskainiko du Bulego taldeko Tomas Lizarazu abeslariak gaur, asteazkena, #EtxetikMundura saioan, 20:00etatik aurrera. Gaur hasita, gainera, asteazkenero igoko du Maxixatzen.eus-ek Lizarazuren bideo bat, eta Bulego taldeko abeslariak saio bakoitzean euskal kantu ezagun baten bertsioa egingo du.

Datozen egunetan, berriz, #EtxetikMundura egitasmoan parte hartuko duten sortzaileak gehiago izango dira; besteak beste, Erniarraitz bertsozale elkarteko bertsolari batzuek bertsoak eskainiko dituzte. Emanaldi guztiak 20:00etan hasiko dira.

Urolako Komunikazio Taldea (UKT) osatzen duten gainerako hedabideek ere prestatu dituzte tokian tokiko emanaldiak. Karkararen, Baleikeren, Uztarriaren eta Zarauzko Hitzaren webguneetan ere izango dira saioak, eta den-denak ikusgai izango dira Urola Kostako Hitzaren eta Erlo Telebistaren webguneetan.

Koronabirusaren eraginez hartu du UKTk #EtxetikMundura egitasmoa martxan jartzeko erabakia; izan ere, joan zen asteaz geroztik bertan behera utzita daude kultur emanaldi eta saioak. Sortzaileen jarduna etxeetara irits daitekeelakoan, baina, bideo bidezko formatuak erabiltzea erabaki du, sorkuntza herritarren etxeetara eramateko asmoz.

Tokian tokiko saioen iragarpenen zerrendetan agertzen ez diren sortzaileek ere izango dute egitasmoan parte hartzeko aukera. Horiek bideoak zuzendaritza@ukt.eus e-posta helbidera bidali besterik ez dute; edozein kultur adierazpenekin lotutako emanaldiak onartzen dira. Beraz, animatu eta bidali zuen bideoak!

Maxixatzen.eus-en #EtxetikMundura egitasmoko aurreko saioak:

- Itziar Eliasen antzezlana

Andrea Pozo eta Jose Mari Unanue musikarien saioa

Lurdes Sudupe literaturzalearen liburu batzuen gomendioa

Lizar bikotearen musika saioa

Goiuri Epelderen irakurketa saioa

Iñigo Ansorregiren ipuin kontaketa

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide